Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > lisker
lisker > biografia

70eko hamarkadan sortu zen Lisker folk-rock taldea, Eibarren (Gipuzkoa). Basauriko rock lehiaketa irabazi ondoren, disko bat grabatu zuen Xoxoa diskoetxearekin, 1979an. Itoiz eta Errobi taldeekin maiz partekatu zuen agertokia. Haatik, 80ko hamarkadan rock emanaldiak utzi, eta plaza talde bilakatu zen.

Eibarko Jeiki eta Zima taldeetan ibilitako musikariek sortu zuten Lisker. Jeikik folk intimista lantzen zuen, eta eskaini zituen emanaldien artean jendetsuena Bartzelonako I. Topaketa Anarkistan emandakoa izan zen, 10.000 lagunen aurrean jo baitzuen, Triana, Iceberg, Tilburi eta beste hainbat taldek osatutako jaialdian. Zimak esperientzia txikiagoa izan zuen, taldekideak oso gazteak ziren, eta musika garage progresiboa jorratzen zuten.

Jeikik eta Zimak bat egin zuten urtero udan Lekeitioko hondartzan antolatzen zen Lekeitio Rock Jaialdian, eta egun hartan sortu zen folk-rock talde bat eratzeko ideia. Jeikiko Ernesto Gomez (ahotsa eta gitarra akustikoa) eta Jabier Zabala (baxua) eta Zimako Julian Alberdi (gitarra elektrikoa) eta Josean Salado (bateria) batu ziren Liskerren, aurrez ezein taldetan aritu gabeko Jesus Gil (flauta) kide berriarekin batera. Emanaldietan hasi eta berehala, Espainiako Lone Star taldearekin jo zuen, Eibarren, eta Basauriko rock lehiaketa irabazi zuen; horren ondorioz, diskoa grabatzeko eskaintza egin zion Xoxoa diskoetxe sortu berriak. Donibane Lohizuneko Bacchanales estudioan grabatu zuen Jean Phocas soinu teknikariarekin, eta berau aurkezteko hainbat kontzertu eman zituen garai hartan zeuden bi rock talde arrakastatsuenekin, Errobi eta Itoizekin. Lemoizko zentral nuklearraren aurka 1980an Bilbon egindako Herri Topaketetan, Lekeitio Rock Jaialdian eta Espainiako Asfalto taldearekin ere jo zuen Liskerrek. Rock progresiboa, hard-rocka eta folk musikaren eraginak uztartu zituen taldeak diskoa osatzen duten bost kantu luzeetan.

Etenaldia iritsi zen ondoren. Ernesto Gomezek taldea utzi zuen -Jose Bartra sartu zen haren ordez-, eta beste taldekide batzuk soldaduskara joan ziren. Itzuleran berriz heldu zioten taldeari, baina estiloa jazz fusionera aldatuta. Euskal Herrian 80ko hamarkadaren hasieran nagusitzen ari zen rock giroan Liskerren proposamenak lekurik ez zuela iritzita, kontzertuak emateari utzi, eta berbenak eskaintzea erabaki zuen. Hala segitzen du gaur egun ere. Hasierako kideetatik Josean Saladok eta Jabier Zabalak jarraitzen dute taldean.

Testua: Jon Eskisabel

>>Lisker

Xoxoa, 1979 (LP)