Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > idatzizkoak > el tubo
el tubo

El Tubo musika hilabetekariak 1989ko ekainean kaleratu zuen lehen alea. Zarama taldearen argazkiak hartu zuen egunkari formatuko azal osoa. Bi urte lehenago desagertutako Muskaria aldizkariaren jarraipena zen nolabait, argitalpen hartan aritutakoak baitziren El Tubo-ko zuzendaria, Belen Mijangos, eta erredakzioko kazetari asko: Roberto Moso, Gotzon Bastida... Ildo editoriala ere antzekoa zen, kaleari lotutako aldizkari independentea izatea nahi zuten, eta tabernetan entzuten zen musikaren eta entsegu lokaletan sortzen ari ziren taldeen berri ematen zuen. Edukiaren ardatza Euskal Herriko taldeek osatzen zuten, baina Espainiako Estatukoek ere leku finkoa zuten aldizkarian. Hori dela eta, eremu geografiko zabal horretan hedapen handia izan zuen aldizkariak, eta erreferentzia bilakatu zen hainbat talde eta zalerentzat.

Lehen aleak ia gaztelania hutsean argitaratu zituzten, eta, pixkanaka-pixkanaka, euskarak leku gehiago hartu zuen, baina betiere gaztelaniak baino gutxiago. Hilabeteak pasa eta hainbat zailtasun (banatzeko, publizitatea lortzeko...) gainditu ahala, aldizkaria sendotu egin zen: orrialde gehiago hartu zituen, kolaboratzaile gehiagoz hornitu zen erredakzio taldea, eta banaketa sarea osatu eta finkatu zen. Haatik, ez zuen lortu militantzian oinarritutako funtzionamenduari ihes egitea, eta, 130 zenbaki kaleratu ondoren, hamabi urteko ibilbidea amaitu zen, 2001. urtean.

  • "El Tubo" aldizkariaren lehen zenbakiaren azala.

    "El Tubo" aldizkariaren lehen zenbakiaren azala.