Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > leihotikan
leihotikan > biografia

Leihotikan 1993. urtean sortu zuten, Iruñean, Kaliforniako taldeen hardcore melodikoarekin eta Ingalaterrako punk-rockarekin maiteminduriko bost gaztek. Geroztik, jende gutxirentzako taldea izateari utzi gabe, hainbat disko kaleratu dituzte Gor diskoetxearekin, abesti zuzen eta laburrez beterikoak, eta kontzertu ugari eman dituzte gaztetxeen zirkuituan. Hala ere, Nafarroan lortu dute oihartzun handiena.

Hastapenetan hiru lagunek osatu zuten Leihotikan: Patxi Mercerok (gitarra eta abestien egilea), Gorka Armendarizek (ahotsa) eta Alfonso Contin Titi-k (bateria). Egin zuten lehen kantuari "Leihotikan" izenburua jarri zioten, eta taldea ere horrela deitzea erabaki zuten. Maketa bat grabatu zuten hirukote gisa, eta lagunen artean banatu. Bigarren maketa ere etorri zen, baina ordurako bost lagun ziren taldean, Aitor Remon (baxua) eta Mikel Aranguren (gitarra) taldekide berriekin. Nafarroatik kanpo lehen kontzertua 1997an egin zuten, Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan. Aranguren izan ezik, beste guztiek jarraitzen dute taldean.

Bigarren maketa Gor diskoetxeko arduradunen eskuetara heldu zen, eta "Punk-rok" kantuak Iruñeko tabernetan oihartzun handia izan zuela kontuan hartuta, disko bat grabatzeko proposamena egin zioten taldeari. Kantu berriak behar bezala lantzeko astirik gabe, Hemen ez da ezer aldatzen lehen diskoan (Gor, 1998) maketetako kantuak sartu zituen Leihotikan-ek. Besteak beste, Bad Religion, Pennywise, NOFX, 7 Seconds eta Minor Threat taldeen eragina sumatzen zitzaion, baina, batez ere, Ezin Izan taldearen eragina aldarrikatu zuen boskoteak. Urte batzuk geroago Ezin Izanen bertsio bat grabatu zuten Ilunago, ederrago diskoan (Gor, 2006): "No oirás". Hardcore melodikotik baino gertuago sentitzen zen taldea punk-rocketik. "Hardcore melodikoa etiketa bat da. Punk-rocka musika baino zerbait gehiago da. Jarrera bat da" (1). Aipaturikoez gain, Rock Radical Vascoko taldeek eta Kataluniako 80ko hamarkadako hardcore taldeek ere (HHH, Monstruacion, GRB...) eragin zieten.

Lur diskoan (Gor, 2000), bigarrenean, kantuak gordinagoak eta zuzenagoak izan zitezen saiatu ziren, naturari, arrazakeriari eta norberaren kezka existentzialei buruzko hitzekin, baina aurreko lanaren hardcore eta punk-rock ildotik atera gabe. Itoiz taldearen "Clash & Pistols" kantuaren moldaketa grabatu zuten -kontzertuetan, Itoizen kantu gehiago jotzen zituzten-, eta, bitxikeria gisa, Hemendik At! dance taldeko Iker Sadabak girotze lana egin zuen Iñigo Ibarrak abesturiko bertsoan. Disko guztietan Ibarraren bertso bat sartzeko ohitura du talde iruindarrak.

Hala ere, diskoa "ilunegia" geratu zitzaiela uste zuten, eta hurrengoan, Munduaren leihoa-n (Gor, 2003), lehenengoaren freskura eta bigarrenaren sendotasuna uztartzen saiatu ziren. Taldekideen osasun arazoak zirela medio, hiru urte eman zuen taldeak "desagerturik", zuzenean jo gabe. Kantu gehiago sortzeko aprobetxatu zuten geldialdia. Los Angelesko (Kalifornia, AEB) Youth Brigade taldearen moldaketa bat egin zuten disko horretan ("Zerbaitetan sinetsi"), eta Iker Piedrafita (Dikers) izan zuten ekoizpenean lagun. Hitzetan, mezu argiagoak eta hurbilagoak azaltzen ahalegindu zen taldea.

Diskoak patxadaz eta presiorik gabe prestatzeko ohiturari jarraituz, beste hiru urte pasatu ziren Ilunago, ederrago kaleratu arte. Taldearen diskorik landuena da, eta hitzetan "sakonagoa eta intimoagoa", taldekideen hitzetan. Estilo aldetik punk-rock eta hardcoreari eutsi arren, aniztasuna dago kantuetan. Disko honekin Euskal Herritik atera ziren estreinakoz jotzera; Espainiara eta Kataluniara, hain zuzen ere. 2004ko urtarrilean Madrilen jo behar zuen, Berri Txarrak taldearekin batera, baina Espainiako zenbait komunikabide eta elkarte ultraeskuindarrek egindako presio eta mehatxuen ondorioz, antolatzaileek kontzertua bertan behera uztea erabaki zuten.

Diskoetatik aparte, hainbat bildumatan parte hartu du Leihotikan-ek: Nafarroa, hitza dantzan, AEKantuz, HHHomenaje, Gure irratia, zure rokanrola... Lan horietarako egindako kantuak eta zaletuek aukeratutako beste hainbat Oroimenak erretzen 18 urte disko bilduman (Gor, 2011) jaso zituzten. Halaber, inoiz argitaratu gabeko abesti bat, "Ohean", eta Zerumugak maketako bi, "Maldan behera" eta "Hiltzoriaren mundu liluragarria" sartu zituzten bilduma horretan.

Bilduma hori kaleratu zuen garai berean kantu berriak sortzen ari taldea hurrengo diskoari begira. Urtebete geroago heldu zen Harold (Gor, 2012), Jack Bradley argazkilariak Harold Wittles izeneko mutikoari ateratako argazkiarekin azalean. Kantuen artean, Gabriel Aresti-k idatzitako letra bat ("Arestiren omenez") eta Jesus de la Rosa Espainiako Triana taldeko kide zenak idatzitako beste bat ("Llego el día" kantuaren hitzak itzuli zituzten "Esnatzea" abestian). Munduaren leihoa diskoan bezala, Iker Piedrafitak egin zituen ekoizpen lanak.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Euskaldunon Egunkaria, 1998ko ekainaren 25a
leihotikan > hemeroteka

>>Lur

Gor, 2000 (CD)

>>Munduaren leihoa

Gor, 2003 (CD)

>>Ilunago, ederrago

Gor, 2006 (CD)

>>Harold

Gor, 2012 (CD)

Askoren artean

- Kamile hartza (Musika: Leihotikan-Hitzak: Iñigo Ibarra); Nafarroa, hitza dantzan (Gor, 2002)

- Ikusi mendizaleak (Musika eta hitzak: Herrikoiak); AEKantuz (AEK, 2002)

- Zaharkituriko fedea (Musika eta hitzak: Leihotikan); Gure Irratia zure rokanrrola (2005)

- Mi ciudad (Musika eta hitzak: HHH); HHHomenaje. Pedazo de tierra / Pedazo de mierda (Cooperaccion Records)

- Kolorea (zuzenean) (Musika: Patxi Mercero-Hitzak: Gorka Armendariz); Elkartasun Eguna

- San Fermin (Hitzak eta musika: Manuel Turrillas); Hamasei kolore, jai bat (2007)