Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > asgarth
asgarth > biografia
 webgunea
Euskarazko heavy metalaren bigarren loraldian, Asgarth taldeak lortu zuen arrakasta handiena. Susperraldi horretan, Añorgako (Donostia) boskotea, Euskadi Gazteko maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi, eta 90eko hamarkada amaierako metalzale askoren erreferente bihurtu zen. Jainkoen egoitza (1999) lehenengo diskoarekin, kontzertu asko emateko aukera izan zuten, eta bigarren lanak, Etorkizunaren sustraia (2001), sendotu egin zuen taldearen entzule kopurua. Baina denborarekin eta moden joan-etorriekin gertatu ohi den bezala, Asgarth-en sugarra itzaltzen joan zen. Harrera ezberdina izan zuten beste bi disko kaleratu ondoren -III (2002) eta ...Garrasia (2005)-, banatzea erabaki zuten.

Asgarth 1997. urtean sortu zen, Donostiako Añorga auzoan. Dena dela, taldea urtebete geroago finkatu zen, bost kiderekin: Ander Cañas (gitarra), Unai Zabala (gitarra), Joxi Perurena (baxua), Iban Fernandez (bateria) eta Asier Enbil (ahotsa). Garai hartan, gazte horien batez besteko adina 20 urtekoa zen. 1999an, nahiko abesti propio osatu ondoren, gipuzkoarrek lehen maketa ekoiztea erabaki zuten. Hala, ekainetik uztailera bitartean, zazpi kantu grabatu zituzten, Bilboko Rock Studios grabazio estudioan, Carlos Creator ekoizle eta teknikariaren gidaritzapean. Jainkoen egoitza izeneko lehen grabazio horri esker, taldeak erantzun ona izan zuen zenbait musika lehiaketatan. Voces A Escena izenekoan, finalera iritsi zen, eta Euskadi Gazteko IX. Maketa Lehiaketan, entzuleen saria eskuratu zuen. Azken lorpen horri esker Añorgakoek sekulako arrakasta izan zuten gazteen artean. Asgarth orduko talde bilakatu zen, euskarazko heavy metalaren susperraldiarekin batera. Hori dela eta, grabazio hura zenbait diskoetxeetara bidali zuten, kontratu bat topatzeko. Azkenik, IZ diskoetxearekin sinatu zuten, eta Jainkoen egoitza (IZ, 1999) Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten.

Lehen diskoaren emaitzak ezin hobeak izan ziren. 2000. urtea zinez oparoa izan zen Asgarth-entzat. Euskal Herriko txoko askotan jotzeko aukera izan zuen, eta haren musika etengabe entzuten zen irratian. Zuzenekoekin lanpetuta ibili arren, Añorgakoak bigarren diskoa prestatzen hasi ziren. Taldekideek argi zuten lehenengo grabazioa maketa bat baino ez zela. Horregatik, lehen lan mardula osatzea erabaki zuten. Hala, urrian Amasako (Gipuzkoa) IZ estudioetan sartu, eta hiru astean lan berria grabatu zuten. Beste behin ere, Carlos Creator izan zuten ekoizle eta teknikari. Etorkizunaren sustraia bigarren diskoan (IZ, 2001), Alemaniako heavy metal eskolako abestiak bildu zituzten, eta Aitor Uriarte abeslariak (Latzen, Sen, Une) lagundu zuen ahotsetan. Bigarren lan horrekin, Asgarth-ek arrakastari eutsi ez ezik areagotu egin zuen. Hala, 2000 eta 2001 bitartean 60 kontzertutik gora eman zituzten.

Bizi zuten une gozoaz jabetuta, taldearen etorkizunaren alde apustu egitea erabaki zuten. Batetik, diskoetxez aldatu, eta Gor zigiluarekin sinatu zuten. Bestetik, Matxitxa management bulegoarekin bat egin zuten, zuzenekoen kontratazioa hobetze aldera. Helburu berriak zehaztuta, 2002ko irailean III (Gor, 2002) grabatu zuten. Ordura arteko helduena, Juanan eta Javi San Martin anaien gidaritzapean. Beste behin ere, harrera nahiko ona izan zuen diskoak. Hobea salmenta aldetik, kontzertu aldetik baino. Ordurako euskarazko heavy metalaren eta Asgarth izenaren sua itzaltzen hasia zen. Egoera horren ondorioz, taldeak atseden hartzea erabaki zuen, aurrera begira zer egingo zuten erabakitzeko. Askok uste izan zuten taldea banandu egin zela.

2004. urteko udan, Iban Fernandezek taldea utzi, eta Unai Corralek (Utikan, UK Bill) hartu zuen haren lekua. Aldaketa horrek beste ekarpen bat egin zion taldeari: beste ideia eta erritmo batzuk. Ilusioa berreskuratu nahian, 2005eko abuztutik irailera bitartean, berriz sartu ziren estudiora, eta, San Martin anaien laguntzarekin, rock estilo handiagoko lan bat osatu zuten. Nolanahi ere, makina bat traba izan zuten diskoa argitaratzeko. Gor zigiluarekin ez ziren ados jarri, eta, azkenik, EDG Music diskoetxearekin elkarlanean kaleratu zuten ...Garrasia (2005). Aurreko lanekin gertatu ez bezala, salmentak ez ziren horren onak izan, eta kontzertu aldetik ere ez zuten aukera nabaririk izan.

2007ko irailaren 1ean, gorabeheraz betetako hamar urteko ibilbidea amaitu zuen Asgarthek, Añorgako gaztetxean.

Testua: Inaxio Esnaola

asgarth > hemeroteka

>>Jainkoen egoitza

IZ, 1999 (CD)

>>Etorkizunaren sustraia

IZ, 2000 (CD)

>>III

Gor, 2002 (CD)

>>...Garrasia

EDG Music, 2005 (CD)