Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > urtz
urtz > biografia

Urtz taldea 1988an sortu zen Pasaian (Gipuzkoa). Heavy, rock eta pop doinuak eta hitz poetikoak jorratu zituen, irrati formuletan arrakasta handia lortuz, bereziki lehen bi diskoetako kantuekin: "Kaixo", "Negua datorrenean", "Hautsa astinduz"... Bost disko grabatu ostean, zuzeneko emanaldi batekin agur esan zuen 2003. urtean, hamabost urteko ibilbideari amaiera emanez. Hala ere, 2013an berriz elkartu zen eta Astiro diskoa argitaratu zuen.

Xabi Camarero (ahotsa eta gitarra), Asier Arozena (gitarra eta ahotsak), Bittor G. Argüelles (baxua eta ahotsak) eta Josu Ariztegi (bateria eta ahotsak) 1988an hasi ziren entseatzen, beste batzuen bertsioak eginez hasieran, kantu propioak sortzen geroago. Pasaiako Lezo ikastolan ezagutu zuten elkar, eta heavy doinuekiko zaletasunak lotzen zituen. Hortaz, horren aztarnarik antzematen da Urtzen lehen konposizioetan, denborak aurrera joan ahala rock eta pop osagaiak bereganatuko badituzte ere.

90eko hamarkadaren hasieran euskal rockak ezagutu zuen irekitze estilistikoaren adibideetako bat izan zen Urtz. 1991ko udazkenean kaleratu zuen lehen maketa, sei kantuz osaturiko Zelatan izenekoa, eta 1.800 ale saltzea lortu zuen. Gor diskoetxea berehala ohartu zen taldearen potentzialaz, eta diskoa kaleratzeko eskaintza egin zion 1992ko udaberrian. Haatik, bere burua behar bezala prestatuta ikusten ez zuelako hilabete batzuk itxarotea erabaki zuen laukoteak. Udazkenean kaleratu zen Ekaitzaren garrasia (1992), Urtzen lehen diskoa, eta taldeak berak espero ez zuen oihartzuna izan zuen. "Negua datorrenean" kantua indartsu sartu zen irratietan, taldearen ezaugarri nagusiak erakutsiz: melodia itsaskorren ardatza, erritmo biziak eta gogortasuna gitarretan. Heavy kantuak ("Zelatan", "Maiatzak 10", "Azken eguna"), maitasun baladak ("Gau ilun") eta jai giroak ("Itzalak ez nau hartuko") biltzen ditu estreinako lan hark. Maketako hiru kanta diskorako berriz grabatu zituen taldeak —"Zelatan", "Bai ala ez" eta "Azken eguna"— eta beste hiru kanpoan utzi zituen: "Noiz arte?", "Utz nazazu" eta "Egun latza".

Hautsa astinduz (Gor, 1994) bigarren diskoak aurrekoaren arrakasta berretsi zuen, eta gainditu egin zuen lehenengoaren salmenta kopurua. Taldearen kanturik ezagunenetako batzuk daude lan horretan: "Kaixo", "Hautsa astinduz", "Bizitzarekin dantzan"... Lehen diskoan bezala, Marino Goñi arduratu zen ekoizpenaz.

Hurrengo lana, Hain urrun (Gor, 1996), taldearen diskorik serioena izan zen, eta agian horregatik, "jendeak ez zuen ondo ulertu. Pertsona bakoitzak baditu bere bizitzan etapa ezberdinak, eta berdin geratzen da diskoetan eta egiten diren lan guztietan ere, eta azken finean islatzen da" (1). Lan horretan bereziki garrantzitsua izan zen Iñaki Lazkano kazetariak hitzetan egindako ekarpena, eztitasunezko poesiatik gertu.

Hirugarren diskoaren harrera apalak eragindako beheraldia gainditu ostean, taldeak ilusioa eta indarra berreskuratu zituen Lur gazian ametsak eginez (Gor, 1998) laugarren diskoarekin. Javi eta Juanan San Martin soinu teknikariekin lan egin zuen Espartzako Sonido XXI estudioan, eta aldaketak onura ekarri zion. Lehen diskoen arrakasta berdindu ez bazuen ere, esanahi berezia du disko horrek taldekideentzat. Taldearen diskorik irekiena da estilistikoki, eta besteetan ez zeuden ilusioa eta baikortasuna ageri dira hitzetan.

Hiru urte igaro ziren Aingeru (Oihuka, 2001) kaleratu arte. Tarte horretan taldekide aldaketak gertatu ziren, Javi Estella (gitarra eta koruak) eta Ritxi Barrenetxea (baxua) sartu baitziren taldean. Soinuaren aldetik, taldearen diskorik garbiena da, eta doinuen aldetik pop kutsu handienekoa. Melodiak jarraitzen du kantuen ardatza izaten, baina erritmoak motelagoak eta leunagoak dira oro har.

Bosgarren diskoari zaleek egindako harrerarekin pozik egon arren, bi urte geroago taldea desegitea erabaki zuten. Azken kontzertua Bilborock aretoan eman zuten 2003ko urrian, Juanan San Martin soinu teknikari eta teklatu jotzaileak lagunduta, ibilbide osoaren errepaso zabala eginez. Azken eguna CD-DVDak (EDG Music, 2003) jasotzen du gau hartan gertatutakoa, taldekideei egindako elkarrizketekin osatua.

2013ko urriaren 17an, taldeak azken kontzertua eman zuenetik 10 urtera, hasierako lau taldekideak berriz elkartzeko erabakia jakinarazi zuen Urtz-ek bideo baten bidez. Elkartu ez ezik, disko berri bat grabatu zuen, Astiro (Baga-Biga, 2013), eta abenduaren 7an eskaini zuten itzulerako lehen kontzertua, Durangoko Plateruena kafe antzokian.

Testua: Jon Eskisabel

urtz > hemeroteka

>>Ekaitzaren garrasia

Gor, 1992 (LP)

>>Hautsa astinduz

Gor, 1994 (CD)

>>Hain urrun

Gor, 1996 (CD)

>>Aingeru

Oihuka, 2001 (CD)

>>Azken eguna

EDG Music, 2003 (CD-DVD)