Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > diskoetxeak > oihuka
oihuka
 webgunea

Elkar diskoetxearen babesean sortu zen Oihuka zigilua, 1987. urtean. Soñua bertan behera gelditu zen, arazo ekonomikoak tartean zirela, eta Marino Goñik proiektu berriari heldu zion, baina Soñuan ibilitako bidetik atera gabe. Hain zuzen, Soñuaren jarraipena izan zen Oihuka, eta haren katalogoko talde gehienek diskoetxe berriarekin argitaratu zituzten hurrengo lanak. Euskal rockaren erreferentzia nagusia izan zen 80ko hamarkadaren azken urteetan, eta Kortatu, Hertzainak, La Polla Records, Jotakie, Cicatriz, Baldin Bada, Tijuana in Blue, Potato, Delirium Tremens, Eskorbuto, MCD eta beste hainbat talderen lanak argitaratu zituen. Tarteka, Rock Radical Vasco mugimenduarekin lotzen ez ziren taldeenak ere kaleratu zituen: Los Bichos, Ancha es Castilla, Tahures Zurdos...

Negu Gorriak taldearen estreinako disko arrakastatsua kaleratu ondoren, Marino Goñik utzi egin zuen Oihuka, eta Gor sortu zuen, 1991n. Ritxi Aizpuru kazetariak hartu zuen diskoetxearen ardura, eta 2007. urtera arte aritu zen zeregin horretan. 90eko hamarkadarekin, aldaketa garaia heldu zen euskal rockaren eremura, eta beste joera batzuk hedatzen hasi ziren talde gazteen artean. Aldaketa horren lekuko da Oihukak geroztik gaur egun arte osatu duen disko bilduma oparoa (berrehundik gora disko guztira), euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez abesturiko kantuz osatua, eta estilo askotarikoa: reggaea (Trepi eta Arawak, Potato...), heavya (Ehun Kilo, Latzen, Idi Bihotz...), rocka (Gatibu, Zea Mays, Sen, Kauta, Potemkin, Atom Rhumba...), pop-rocka (Sasoi Ilunak, Labrit, Etxe, Asier Serrano...), technoa (DJ Axular), bluesa (Lau Behi), rock industriala (Bad F-Line)...

Testua: Jon Eskisabel