Hendaian (Lapurdi) 1990ean sortutako ska-reggae-punk taldea da Skunk. Euskal Herriko talderik nazioartekoenetako bat da, Frantzian, Quebecen, Bretainian, Alemanian, Libanon eta Ipar Irlandan jo baitu, besteak beste. Sei disko kaleratu ditu, euskara du hizkuntz nagusia kanturako, baina gaztelania, frantsesa, italiera eta ingelesa ere erabili ditu, eta bostehundik gora kontzertu eman ditu.
Skunk 1990ean sortu zuten Hendaiako lau gaztek, eta lehen urteetan punk doinuak jorratu zituzten. Bost urte geroago haize atala sartu zen, eta horrela hasi ziren reggae, ska eta punk musikak nahasten. Ipar Euskal Herriko zenbait taldek sortutako ZTK (Zimako Talde Koordinakuntza) elkartearen bidez argitaratu zuten lehen diskoa, Eh beh, ze pasatzen da?? (1996), eta "Argi gogoan" kantuari esker hasi zen ezagun egiten Skunken izena, hala Ipar Euskal Herrian nola Hego Euskal Herrian, talde askok lortzen ez dutena. Urte berean Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jairako kantua sortzeko enkargua jaso zuen. Orduz geroztik musikari ugari pasatu dira taldetik, baina taldekide kopurua ez da sekula zazpitik jaitsi, batzuetan 11 ere izateraino. Estiloak nahasteko eta agertokian jarduteko moduagatik, Mano Negra izan da taldearen erreferentzia nagusia; hain zuzen, Mano Negra illegal omenezko disko bilduman parte hartu zuten, "Indios de Barcelona" kantuaren moldaketarekin.
Ez da harritzekoa, beraz, Esan Ozenki diskoetxeak arreta jarri izana euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez abesten zuen taldean. Lankktalo (1997) Kaki Arkarazorekin grabatu zuten, eta segidan Euskal Herritik kanpora jotzen hasi zen: Bretainian, Katalunian, Belgikan, Italian, Ipar Irlandan... Halaber, izen handiko artistekin partekatu zituen agertokiak: Laurel Aitken, Sargento García, Lee Perry, Mad Professor, Tagada Jones, Def Con Dos, Kargols, Voodoo Glow Skulls... Esperientzia ugari izan ostean, estudiora itzuli zen taldea, Enbata (Esan Ozenki, 1999) hirugarren diskoa grabatzeko, berriz ere Kaki Arkarazorekin. Taldearen izpiritu nazioartekoak eta taldekideen jatorri ezberdinek hibrido musikal berezia sortu zuten beste behin, reggae, ska, hardcore, jazz, hip hop, raï eta Hungariako musika zingaroa nahastuz. Kolaboratzaileen artean, Beñat Axiari eta Bordeleko Rageous Gratoons taldea zeuden. Hitzetan berriz, umorea, kritika, ironia eta konpromezu soziala ageri zituzten.
Taldearen sorreraren hamargarren urteurrena ospatzeko, zenbait ekimen abian jarri zituen Skunkek. Skunk Diskak zigilua eta banatzailea sortu zituen, aurrerantzean bere lanak ekoizteko. Hala ere, diskoak beste diskoetxe baten lizentziarekin argitaratu izan ditu, Espainiako zein Frantziako estatuetan. Zigilu propioa zabaltzeko, Skunk #1 bilduma (2000) kaleratu zuen, bitxikeriez eta argitaratu gabeko kantuez osatua. Euskal Herria Zuzenean jaialdirako 1999an egindako kantua, The Clash taldearen "Kontrol osoa", eta Laurel Aitken jamaikarraren kolaborazioa dira horietako batzuk. Horrez gain, Quebecen eta Libanon aritu zen jotzen 2000ko ekainean.
Hasieratik aldaketa ugari izan dira Skunkeko taldekideen artean, baina bizkarrezurra berbera izan du: Kristof Saint Georges (baxua), Rafa Rodrigo (gitarra, ahotsa) eta Filipe Aldako (tronpeta). Hala ere, Rafa Rodrigo Willis Drummond taldean ari da gaur egun. Halaber, Iban Rusiñolek The Sparteens sortu du.
Hurrengo lana, Kinki (Metak, 2002), Belgikan grabatu zuten, Andre Gielen soinu teknikariaren estudioan. Skunken ohiko nahasketa eskaintzen du laugarren disko horrek, ska, reggae, punk eta rock-and-roll doinuak biltzen ditu, eta, bilakaera antzematen bada ere, estiloz sailkaezina izateko joerari eutsi zion taldeak. Italieraz abestutako kantu bat dago, "Ti amo ancora", eta, han, amodioa ez ezik, faxismoaren hedapena, Batasunaren legez kanporatzea eta bestelako gaiak ditu hizpide.
Beste bost taldekide sartu ziren Giltzak (Gor, 2004) diskoaren grabazioan. Aurrera jo eta ateak ireki beharraren ideia adierazi nahi izan zuten izenburuan. Ezohiko soinu teknikari batekin grabatu zuten, Karlos Osinagarekin (Kashbad, Lisabö), eta, ohi bezala, ska, reggae, punk, rock, hardcore eta ekialdeko doinuak batzen ditu. Lan hori aurkezteko Suitzan eta Belgikan aritu zen taldean, Euskal Herrian ez ezik. Hala ere, gero eta gehiago dira kanpoan eskaintzen dituen emanaldiak.
Skunk Diskaken azken argitalpena International Reggae Martxaska bilduma bikoitza (2005) izan da. Skunkekin lotura duten nazioarteko 36 talde biltzen ditu, besteak beste, The Special Guest (Berlin), Persiana Jones (Torino, Italia), Antidoping (Mexiko), 99% FAT (Melbourne, Australia), Inadaptats (Katalunia), The Moon Invaders (Belgika)....
Testua: Jon Eskisabel
ZTK, 1996 (CD)
Esan Ozenki, 1997 (CD)
Esan Ozenki, 1999 (CD)
Skunk Diskak, 2000 (CD)
Metak, 2002 (CD)
Gor, 2004 (CD)
Skunk Diskak / Crash Disques, 2004 (CD)
- Bai baleki (Hitzak: Idoia Lopez Riaño-Musika: Skunk); Euskal presoak Euskal Herrira (Euskal Preso Politikoen Sustengu Komiteak-Elkar, 1998)
- Etor daitezela (Hitzak eta musika: Skunk); Gaztetxeak martxan!! (Gasteizko Gaztetxea, 2001)
- Doinuz eta hitzez (Hitzak eta musika: Skunk); Skunk Diskak Vol. 2-International ReggaeMartxaSka (Skunk Diskak, 2001)
- Indios de Barcelona (Hitzak eta musika: Manu Chao); Mano negra illegal (Big Mama Records, 2001 / Alter Metak, 2003)
- Jira ta bira (zuzenean) (Hitzak eta musika: Skunk); Independent 2 (Enragés Productions, 2003)
- L'homme a la massue; Chut! On fait du bruit (Lanoreille Production, 2004)
- Lehertu (Hitzak eta musika: Skunk, Fer Sapo); Irungo AEK-ko beteranoak (2004)
- Eta lurra itzulika (Hitzak eta musika: Skunk); Gure Irratia, zure rokanrrola (Gure Irratia, 2005)