Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > xalbador eta ihidoi
xalbador eta ihidoi > biografia
Daniel Aire Xalbador eta Gerard Ihidoik osaturiko bikotea Etxamendik eta Larraldek osaturikoarekin parekatu izan dute. Amodiozko abestiek eta kantu politikoek osatzen dute haien errepertorioa. Nafarroako Behereko bi kantariek hiru disko argitaratu dituzte: Gauden gu (1992), Bizitzaren haritik (1997) eta Amentsen miraila (2005).
Bakoitzak bere aldetik hasi zuten bidea Daniel Aire Xalbador urepeldarrak (Fernando Aire Xalbador bertsolariaren semea) eta Gerard Ihidoi ezterenzubitarrak. Bakoitzak bere kantuak zituen, bere plazak. Eta lehen aldiz 1990ean abestu zuten elkarrekin, bikote moduan, Baxenabarreko Kantu Txapelketako kanporaketan. Daniel Xalbadorren kantu batekin aurkeztu ziren, "Gaztetxo bati" izenekoarekin. A cappella kantaturiko abesti hark hitz onenen saria eskuratu zuen, baina, hala ere, finaletik kanpo gelditu zen bikotea. Txapelketatik at, ostatuetan eta plazetan kantatzen hasi ziren bi laborariak elkarrekin ordutik.
 
1992an lehen diskoa argitaratu zuten, Gauden gu izenekoa, Elkar diskoetxearekin. Handik bost urtera etorri zen bigarren diskoa, Agorila diskoetxearekin argitaratutako Bizitzaren haritik. Eta gaurdaino, azken diskoa 2005ean argitaratu zuten, Amentsen miraila (ZTK). 2010. urterako beste disko bat atera asmo dute.
 
Bai diskoetan eta bai plazan herri musika landu dute beti Xalbadorrek eta Ihidoik. A cappella edo gitarra jotzaile bat lagun harturik, munduko kantu ezagunak zein euskal kantu ez hain ezagunak taularatu dituzte, antzokietan, herriko festetan, sostengu gaualdietan, elizetan... Dena den, Xalbador eta Ihidoiren errepertorioan ez dira falta Daniel Xalbadorrek berak sorturiko kantuak; harenak dira hitzak gehienetan, nahiz eta bakar batzuk Ernest Alkhat, Etxahun-Iruri eta Xabier Leterenak izan.
 
Plazerari eta penari, plazeretik eta penatik abesten dute Xalbador eta Ihidoik. Amodiozko kantuak eta politikoak. Ipar Euskal Herriko kantagintzan, Etxamendi eta Larralde bikotearekin lotu izan da Xalbadorrek eta Ihidoik osaturikoa, bai estilo aldetik, bai jorratzen dituzten gaiei begira, hala doinuetan nola kantakeran.
 
Testua: Ainara Gorostitzu


>>Gauden gu

Elkar, 1992 (LP)

>>Bizitzaren haritik

Agorila, 1997 (CD)

>>Amentsen miraila

Kultulan Diskak, 2005 (CD)