Elkar Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria 1971n sortu zuten, Baionan, Ipar Euskal Herriko hogei euskaltzalek (1). Tartean ziren idazleak, kantariak, kazetariak, irakasleak... 1974an, Hego Euskal Herriko beste zenbait lagun batu zitzaizkien, bazkide taldea osatuz. Urte berean, Baionan, Zabal sortu zuten Joseba Jakak eta Jokin Apalategik, liburu denda eta banaketa zerbitzu gisa.
1976an, Franco Espainiako diktadorea hil eta gero, Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik zeudenak Hego Euskal Herrira itzultzen hasi ziren, eta horietako batek, Joseba Jakak, Bilintx denda eta Zabaltzen banaketa enpresa sortu zituen, Donostian. Behar-beharrezkotzat jotzen zuen euskarazko kultur produktuak klandestinitate girotik eta bazterkeriatik ateratzea eta Euskal Herri osoko liburu dendei eta ikastetxeei normal-normal zerbitzatzea.
1977an, hasierako berrogei kideen bultzadaz Elkar argitaletxea jaio zen Hegoaldean, baina diskoak ekoizten 1979an hasi zen. Kultur industria bat eraikitzeko oinarriak jarrita zeuden. 1983an, grabazio estudioa zabaldu zuen, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta 1992an, Donostiako Igara auzoko egoitza nagusira aldatu zuen. 1987an, Oihuka diskoetxea sortu zuen, rock diskoak argitaratzeko.
Ordutik, azpiegitura hori sendotzeko, zabaltzeko eta iraunarazteko hainbat pauso eman ditu Elkar-ek. Liburu eta disko denda berriak zabaldu ditu Euskal Herri osoan, eta enpresa bakoitzaren ondasunak gordetzeko Euskalgintza Elkarlanean fundazioa sortu zuen 1996an. 2005. urtetik aurrera, fundazioak berak eta fundazioaren barruko enpresa guztiek Elkar izena hartu zuten.
Ekoizpen berria sustatzeaz gain, aurretik desagerturiko diskoetxeek utzitako ondarea babesteko politika gauzatu du Elkar-ek. Goiztiri, Herri Gogoa, Artezi, Soñua eta beste hainbat diskoetxeren katalogoak bereganatu ditu, eta haien gaineko kudeaketa zuzendu. Hortaz, euskal disko bildumarik handiena osatu du Elkar-ek, eta gure kulturaren motor nagusietakoa bilakatu da. Hiru ildo nagusitan lan egiten du musika ekoizpenari dagokionez. Batetik, euskal kantagintzan funtsezkoak diren hainbat artistaren ibilbidea bermatzeaz arduratzen da (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskorri, Erramun Martikorena, Pantxoa eta Peio, Itoiz, Juan Carlos Perez, Gari...); bestetik, folk eta musika tradizionala jorratzen du (bereziki, trikitia), eta hirugarrenik, neurri apalagoan bada ere, bakarlari eta talde berriak bultzatzen ditu.
Denbora horretan hainbat arduradun izan ditu Elkar diskoetxeak, Joxe Mari Goikoetxea eta Anjel Valdes, besteak beste.