Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > balerdi balerdi
balerdi balerdi > biografia
 webgunea
Iruñeko power-pop taldea. Taldekideen artean 70eko hamarkadan Iruñeko rock mundua suspertu zuten musikarietako batzuk zeuden; Toño Muro eta Marino Goñi, esaterako. 70eko eta 80ko hamarkadetako rock&roll eta folk talde eta bakarlarien eraginak barneratu zituen kantu fresko eta gozagarrietan. Ibilbide laburra izan zuen: bi disko eta 10 haztebeteko binilo bat argitaratu zituen sei urtean (1991-1997), baina oroitzapen ederra utzi zuen zaleengan. 2012n agertokietara itzuli zen hirukote gisa eta Hegoko lautadaren ertzetik diskoa kaleratu zuen.

Iruñeko zenbait taldetan ibilitako musikariek sortu zuten Balerdi Balerdi, 1990ean. Hain zuzen, Toño Murok (ahotsa eta gitarra) Tocamás folk-rock bikotea osatu zuen Patxi Osinagarekin 1977an, eta gero Fuletamol (1979-80), Motos (1981-84) eta Fiebre (1985-87) taldeetan aritu zen. Azken hiru horietan Marino Goñi (baxua) izan zuen taldekide. Fiebreren kontzertuetan Sergio Ibarrola Zara (bateria) eta Blanka Izkue (teklatuak) ezagutu zituzten, eta laurok osatu zuten hasierako Balerdi Balerdi "ofiziala". Geroago Patxi Goñi (gitarra), Marinoren anaia, batu zitzaien. Hala ere, lehen kontzertuak Toñok, Marinok eta Zarak eman zituzten, Iruñeko eta inguruko herrietako taberna eta gaztetxeetan, eta hirurek grabatu zuten lehen maketa.

Toño Muro zen taldeko konpositorea, musikarena zein hitz gehienena. Erresuma Batutik iritsitako new wave eta mod doinuen eraginak (The Jam, The Kinks, Elvis Costello...) zein AEBetako folk eta rock talde eta kantarienak (Neil Young, REM, Graham Parker, The Smithereens...) uztartu zituen hitz ironiko eta landuz jantzitako kantu biribil, gitarrero eta itsaskorretan. Goñi anaiek sortu berria zen Gor disketxean plazaratu zuen lehen lana, Balerdi Balerdi (1991), baita hurrengoak ere. Mauro Entrialgo marrazkilari gasteiztarrak diseinaturiko hamar hazbeteko biniloa zen eta zortzi kantuetatik bi, "Hautsaren dantza" eta "Badago", maketan agertu ziren, baina guztietatik nabarmendu zena Iruñeko gaztetxearen alde egindako "Lore etxean" izan zen. 

Pottoka abeslariari La revoluzione de la tradizione diskoa (Gor, 1993) grabatzen lagundu ondoren, bigarren diskoa argitaratu zuen, Ez gara galdu (Gor, 1994) izenburu esanguratsukoa. Lan horrek Balerdi Balerdiren ibilbidea laburbiltzen zuen, taldearen hastapenetan ondutako kantuak eta azkenaldian sortutakoak biltzen baitzituen, The Smithereens taldearen "Time and time again" kantuaren bertsioaz gain ("Behin eta berriz"). Balerditarren iritziz "Euskal Herriko rock talderik onena" (1) izan den Jotakie taldeko Elortxa abeslariak kolaboratu zuen "Arima sobera" kantuan. Aurreko diskoak bezala, Ez gara galdu-k kritika onak jaso zituen, eta emanaldi ugari ekarri zizkion taldeari. Beharbada, haren lanik osoena da. Hala ere, ez zen sekula salmenta handiko taldea izan, ezta jendetzak erakartzekoa ere, baina oroitzapen ederra utzi zuen zaleen artean.

Hobe behin gorri ezen ez beti hori hirugarren diskoan (Gor, 1997), Patxi Goñi gitarrista berriaren eraginez soinua gogortu egin zuen taldeak, eta Pello Lizarralde idazleak pisu handiagoa izan zuen hitzetan. Diskoaren izenburua Mariano Izeta idazlearen atsotitzen liburutik hartu zuten, eta kantuen artean, "Amodioari buruz" eta "Iraila" ale ederren ondoan, Morau kantariaren "Nork daki" ezagunaren moldaketa dago.

Balerdi Balerdin aurreko beste edozein taldetan baino gehiago disfrutatzen ari zirela nabarmentzen zuten Toño Murok eta Marino Goñik elkarrizketetetan. Zuzenean alaitasuna eta ondo pasatzeko gogoa transmititzen zuen boskoteak. 2000. urtean, "Bapatean" kantua grabatu zuten IKA euskaltegiaren ekimenez kaleratutako IKAratu beldurrik gabe askoren arteko diskorako (Gor). Balerdi Balerdiren azken grabazioa izan zen. Taldea inoiz desegin ez bazen ere, zuzenean jotzeari utzi zion hainbat urtez.

Hala ere, 2009ko urtarrilean jatorrizko hiru taldekideak (Muro, Goñi eta Zara) berriz elkartu ziren kontzertu batzuk emateko Balerdi Erdi izenarekin. Ondoren, Marino Goñik taldea utzi eta 80ko hamarkadan Kontuz Hi! talde iruindarrean aritutako Felix Ruperez baxu jotzaileak hartu zuen haren lekua. Urte eta erdi eman zuen taldean Felixek Balerdi Erdi utzi baino lehen, eta haren tokia talde ezberdinetan aritutako Carlos Ortizek hartu zuen (besteak beste, Kerobia taldeko baxu jotzaile ohia da). Balerdi Balerdi izena berreskuratu ondoren, kantu zaharrek eta berriek osatzen dute garai honetako errepertorioa. Halaber, 2012ko uztailean disko berria grabatzen hasi zen taldea eta urrian kaleratu zuen, Hegoko lautadaren ertzetik izenburua jarrita. 

2013. urtean Petti kantaria batu zen taldera. 

Toño Murok Tocamásen kantuak berriz grabatu eta disko batean argitaratu zituen 2004an. Marino Goñi Bide Ertzean eta Peiremans+ taldeekin aritu izan bada ere, editore lanari atxikita jarraitu zuen Gor diskoetxean 2011. urtera arte. Blanka Izkuek Gor diskoetxean eta Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartean lan egin du hainbat urtez.

Testua: Jon Eskisabel

balerdi balerdi > hemeroteka

>>Balerdi Balerdi

Gor, 1991 (LP)

>>Ez gara galdu

Gor, 1994 (CD)

>>Hegoko lautadaren ertzetik

Musikorta, 2012 (CD)

Askoren artean

- Toki-lekun (Musika: Sergio Ibarrola-Hitzak: Sergio Ibarrola, Toño Muro); Euskal Herriak izan behar du euskalduna eta librea! (EHE, 1996)

- Bapatean (Musika eta hitzak: Toño Muro); IKAratu beldurrik gabe (IKA, 2000)