Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > jexuxmai lopetegi
jexuxmai lopetegi > biografia
 webgunea
Jexuxmai Lopetegi abeslari eta gitarrista gipuzkoarra da. Akelarre taldearekin egin zen ezagun, 80ko hamarkadan, eta ondoren bakarkako ibilbideari ekin zion, Jexumai & Noizbehinka izenarekin. Ahots bero eta atsegina du Lopetegik, eta bere kantagintzak rock, blues, pop eta folketik hartzen du.

Jexuxmai Lopetegi (Zarautz,1956) 1970ean taularatu zen lehen aldiz, bere anaia zaharraren taldean, hamalau urte zituelarik. 1976an Sasi taldea sortu zuen eta Zarauzko Musika Plazan aritu zen. Euskaraz eginiko dantzaldien eredu bihurtu zen Zarauzko "Musika Plaza".

1984an Akelarre taldekoek Anje Duhalde ordezkatzeko proposamena luzatu zioten eta bapatean musika lanbidetzat hartu zuen. Akelarrerekin bost disko grabatu zituen 8 urteko ibilbidean: Mari, Rockzale, Gauero zuzenean, 7.90 eta Akerraldian).

1993ko martxoan Akelarre utzi eta bere bakarkako lehen lana prestatzen ari zela, Kepa Junkera-k deitu zion bere proiektu berrirako. Bi urtez Junkeraren "bandan" zuzeneko abeslari modura aritu ondoren, 1994ko otsailean Kalejira al-buk grabatu zuen. Sei hilabete lehenago, Pausoka ekoiztetxearentzat, Joseba Gotxiren bitartez, Goenkale telesaileko sintonia grabatu zuen. Kantak 1994tik 2000. urtera arte iraun zuen ETB1ean.

1994ko Durangoko Azokan irten zen kalera bere lehen bakarkako lana, Jesuxmai & Noizbehinka (Gor). 

Denboratik at (Soar eta abar, 1997) bigarren diskoan, lehengoaren ildo beretik jarraitu zuen, kantu propioak eta Joseba Sarrionandiaren poema musikatuak grabatuz. Ez diren gauzak diskoan (Soar eta abar, 1999) besteren hitzetara jo zuen kantu guztiak osatzeko (Sarrionandia, Koldo Izagirre, Mikel Markez, Unai Iturriaga, Andoni Egaña), eta talde elektrikoaren formatuari eutsi zion.

2000. urtean hilabeteko egonaldia egin zuen Venezuelan, Pako Aristi idazlearekin eta Mikel Markez kantariarekin, eta hiru emanaldi eskaini zituen. Sei urte geroago, 2006an, Argentinako Rosario hirian aritu zen hirukotea.

Laua diskoan (Egilea editore, 2003), ohiko taldeaz gain, hainbat kolaboratzaile bildu zituen: Jose Alberto Batiz gitarrista eta Akelarreko taldekide ohia, Angel Unzu (Ganbara), Arkaitz Miner (Tapia eta Leturia, Aintzina, Ruper Ordorika, Arrabots...), Xanet Arozena (Akelarre)...

Izar uxo (Elkar, 2009) da Lopetegik orain arte argitaratu duen azken diskoa.

Horrez gain, haurrentzako musika egin du (Kukurruku! Zer diozu? diskoa, Hik Hasi, 2002), eta kolaborazioak eta konposizio lanak egin ditu hainbat talde eta musikarirentzat, hala nola, Ganbara ("Bihotz erratua" kantako hitzak), Izotz ("Milaka"), Maixa ta Ixiar ("Zuhaitzarena" kanta), Mikel Markez, Tapia ta Leturia, Imuntzo ta Beloki...

2007ko eta 2008ko Zarauzko Jazz Mintegian Oliden's Band taldeko partaide gisa aritu zen, gitarrista eta abeslari. Halaber, Bitoriano Gandiagaren omenezko "Bego eta bedi" emanaldian parte hartu zuen 2009ko otsailean, Jose Luis Padron eta Martin Etxeberria poetekin eta Concceta Probanza marrazkilariarekin.

Testua: Jon Eskisabel

jexuxmai lopetegi > hemeroteka

>>Jesusmai & Noizbehinka

Gor, 1994 (CD)

>>Denboratik at

Soar eta abar, 1997 (CD)

>>Ez diren gauzak

Soar eta abar, 1999 (CD)

>>Laua

Egilea editore, 2003 (CD)

>>Izar uxo

Elkar, 2009 (CD)

>>Errekan gora

Baga-Biga, 2013 (CD)

Askoren artean
- Kresalari xirri (Hitzak eta musika: Jexuxmai Lopetegi); Olatu berria / Kmk'04 Orio + Zarautz (2004)