Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > ganbara
ganbara > biografia
 webgunea
80ko hamarkadan euskal folk-rockaren talderik garrantzitsuena izan zen Ganbara. Hainbat ezaugarrik folk berriaren lehen belaunaldiarekin (Haizea, Izukaitz...) lotzen dute: tradizioa eta jazz edo pop musikak nahastea, Maria Eugenia Etxebesteren ahots ederra gidari izatea eta herri tresnak zein elektrikoak uztartzea. Hainbat urtetako etenaldiaren ostean, taldea 2011n itzuli zen, disko berri batekin.

Berez, 1979an biltzen hasi, eta jazz eta musika klasikotik zetorren musikari talde batetik sortu zen Ganbara 1982an. Angel Unzuk (gitarra), Maria Eugenia Etxeberriak (ahotsa), Juan Ezeizak (biolina, alboka, txirula), Josean Martin Zarkok (gitarra, bozoukia, ahotsak), Josemari Mujikak (bateria eta perkusioa) eta Jesus Etxeberriak (pianoa, baxua eta ahotsa) osatu zuten hastapeneko zazpikotea. Laster batean, disko bat grabatu zuten, Behin batean (Soñua, 1982). Azkarregi, taldekideen iritziz: "Presaka eta korrika. Nobatada izan zen. Hortik aurrera pittin bat egindakoa zuzentzen ahalegindu ginen" (1). Dena dela, disko hark, oso borobila ez izanagatik ere, agerian utzi zuen herri musiketatik edanez musika pertsonalagoa eta landuagoa egin nahi zuen talde preziosista.

Nahiko korapilatsuak izan ziren lehen urte haiek. Rockaren leherketaren garaia zen Euskal Herrian. Emanaldi gutxi, oihartzun gutxi... 1985ean Toledon (Espainia) antolatutako Folk Sari Nazionala irabazi zuten arte. Guztira 175 taldek parte hartu zuen Ganbarak irabazitako lehiaketa hartan. Sari horren ondorioz, Espainiako Telebistan ere agertu zen. Sariak errotik aldatu zuen taldearen zoria. Besteak beste, disko bat grabatzera behartzen zuen irabazlea, eta hortik sortu zen Banan- banan (Elkar, 1985), nahiz eta lehiaketara aurkeztu aurretik prestatutako materiala izan diskoan agertzen dena. Dezentez disko helduagoa da, argiagoa, eta taldekideek ez dute inongo erreparorik herri musika eta beste musika batzuk uztartzeko.

Aldaketak izan ziren taldean: Jesus Etxeberriak utzi eta Josetxo Fernandez (pianoa, sintetizadoreak) eta Eduardo Salvador (baxua) sartu ziren Ganbaran. Handik aurrera ohikoak gertatu ziren gorabeherak taldearen oinarri erritmikoan. Baina, era berean, sendotu egin zen taldearen muina, Maria Eugenia Etxeberriak, Josean Martin Zarkok, Angel Unzuk eta Juan Ezeizak osatzen zutena.

Sariaren ondorioz emanaldiak ugaritu eta Euskal Herritik kanpo ere jotzen hasi ziren. Taldearen garairik emankorrena da. Harat honat (Elkar, 1987) diskoan taldeak sonoritate propioa lortu zuen, Etxebesteren ahots indartsuan eta gitarren arteko jolas landuetan zein tresna tradizionalen koloreetan oinarritua. Garai hartan hau zioen Juan Ezeizak taldearen musikaz: "Folk progresiboa dela esan digute, folka hartuz eta piska bat modernizatuz, aprobak egitea nolabait, esperimentoak. Batez ere, folkeko tresnak eta gaur eguneko tresnekin nahasketak egin ditugu, beste batzutan ere musika herrikoia hartu eta hitzak jarri dizkiogu edo aldrebes" (2).

Disko horretan, gainera, akordeoia eta soinu txikia erabili zituzten lehen aldiz. Horretarako, Joxan Goikoetxea (Alboka) aritu zen tarte batez Ganbararekin. Goikoetxeaz gain, Jose J. Lera (bateria), Jose A. Gonzalez (baxua) eta Josetxo Fernandez Ortega (pianoa) aritu ziren disko hori grabatzen.

Ganbara(tik) (Elkar, 1989) izan daiteke taldearen diskorik landu eta ezagunena. Berriro ere aldaketak gertatu ziren taldean. Jose Angel Loran (eskusoinua), Alex Blasco (pianoa) eta Mikel Artieda (baxua) sartu ziren. Taldearen diskorik herrikoiena dela esan izan da. Azpimarratzekoa da izen handiko kolaboratzaileen parte-hartzea: Paddy Moloney, Irlandako The Chieftains talde mitikoko gaita jotzaile eta Europako herri musiketako izenik nagusietakoa, besteak beste.

Taldea erabat aldatu zen Buhamien balleta diskoan (Elkar, 1992). Josean Martin Zarko eta Angel Unzu ziren hastapeneko laukotetik jarraitzen zuten bakarrak, eta hainbat jazz musikari ezagunekin osatu zuten taldea bosgarren lana gauzatzeko: Txema Garces (baxua), Pello Ramirez (akordeoia, biolontxeloa) eta Josetxo Goia-Aribe (saxofoi tenorea). Haiekin batera Garbiñe Benitez (ahotsa) eta Alex Blasco (pianoa) aritu ziren. Bateriarik gabeko Ganbararen lehen diskoa da. Jazzeroena.

Taldeak beste disko bat, Itsas zabalean (Elkar, 1995), grabatu zuen desagertu baino lehen.

Angel Unzu, bere bidea hartu, eta izen handiko euskal musikariekin aritu izan da: Benito Lertxundi, Kepa Junkera, Jabier Muguruza.... Horretaz gain, ekoizle gisa aritu da Alaitz eta Maider, Benito Lertxundi, Iker Goenaga, Oreka Tx eta Olatz Zugaztiren diskoetan, besteak beste, eta jazz musikan buru-belarri kokatutako hiru disko instrumental kaleratu ditu bakarka: 13 solos (Jazzle, 2000), Melodías de piel (Elkar, 2003) eta Tiempo de búsqueda (Acoustic Music Records). Halaber, pop-rock kantuen konpositore gisa lehen lana egin du Txuma Murugarren abeslariarekin 14 abesti eta hamahiru istorio txiki diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2013).

Josean Martin Zarko Albokako taldekide izan zen 1994tik 2001era, eta taldearen lehen bi diskoetan hartu zuen parte. Ondoren Euritan Blai osatu zuen Juan Ezeizarekin, eta biak aritu dira, Gaskoniako hainbat musikarirekin batera, Europa osoan oihartzun handia eduki duen Xarnege taldean. Hemengo eta hango musika tradizionalak uztartzen dituen Gaueko lan musika-Música de contrabanda diskoa (Pyrene, 2004) kaleratu zuten, eta dozenaka emanaldi eman zituzten Europan. Ganbararen ikuspegi musikaletik hurbilago dagoen Lantz taldean ere parte hartu dute biek, Mikel Errazkin (Sorotan Bele), Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider, Patxi eta Konpainia), Xabi Lopez (Beti Mugan, Kanta Ttikiak), Garbiñe Insausti, Olatz Prat (Zuri&Beltz, Karelean) eta Oihana Lekuonarekin (Mikel Errazkin HF). Berriro ere folk, pop, rock eta jazz musikak uztarturik agertzen zaizkigu Igaran gaiak (Hirusta, 2007) diskoan.

Hala ere, 2011ko udazkenean disko berri batekin, Eguntto batez (Agorila), berragertu zen Ganbara. Maria Eugenia Etxeberria, Josean Martin Zarko, Alex Blasco eta Juan Ezeizak osatutako laukoteari, Xabi Aburruzaga trikitilaria batu zitzaion Ganbararen aro berri honetan. Disko horretan, "Banan-banan" kantua berreskuratzeaz gain, Carlos Palacio konpositore katalanak Espainiako Errepublikaren alde sortutako "Peleamos, peleamos" kantuaren moldaketa grabatu zuen Ganbarak.

Testua: Andoni Tolosa

  • (1) Argia, 1.094. zenbakia, 1986ko martxoaren 9a
  • (2) Argia, 1987
ganbara > hemeroteka

>>Behin batean

Soņua, 1982 (LP)

>>Banan-banan

Elkar, 1985 (LP)

>>Harat honat

Elkar, 1987 (LP)

>>Ganbara(tik)

Elkar, 1989 (LP)

>>Buhamien balleta

Elkar, 1992 (LP)

>>Itsas zabalean

Elkar, 1995 (CD)

>>Eguntto batez

Agorila, 2011 (CD)