Kantagintza berria eta euskal kulturaren berpizkundea nekez ulertzen ahalko ziren Ez Dok Amairu taldeak egin zuen ekarpenik gabe, modernitatea eta garai berri bat ekarri baitzituen gure musikagintzara. Izen horren inguruan, gerora oso ezagunak izanen ziren kantari asko elkartu ziren (Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona...) baita idazle (Jose Angel Irigarai, JosAnton Artze...) eta artista ugari ere. Zerrenda luzea zen. Talde gisa, Baga, biga, higa sentikaria izan zen Ez Dok Amairuk utzitako fruiturik nabarmenena.
Euskal kantagintza berriaren talde nagusia 1965. urtean hasi zen forma hartzen, baina 1966a gertatu zen sorrera urte ofiziala. Katalunian haur psikiatrian espezializatzeko egindako egonaldian ezagutu zuen Mikel Laboak nova canço izeneko mugimendua, eta, bereziki, Els Setze Jutges taldea. Euskal Herrira bueltatzean, antzeko zerbait egiteko lehen kontaktuak egiteari ekin zion. Concurso de artistas noveles delako lehiaketan saritu berri zuten Benito Lertxundi abeslariarekin jarri zen harremanetan. Ondoren, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, JosAnton Artze... kontaktatu zituen.
1965eko amaieran Mikel Laboak eta Xabier Antzak Jorge Oteiza eskultorearengana jo zuten, eta kantagintzaren inguruan talde iraunkor eta berritzailea sortzeko zuten ideiaren berri eman zioten. Oteizak izena eman zion taldeari, Resurreccion Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintza liburuan jasotako Martin Errementariaren ipuina baliatuta. Ez Dok Amairu horrekin hamairu zenbakiaren malefizioa apurtuko zuten, euskal kultura garaikidearen malefizioa alegia. Taldearen logotipoa, txalaparta bat, Remigio Mendiburuk egin zuen.
Taldearen helburuetako bat kantu zaharrak berreskuratzea zen, tradizioa ezagutarazteko. Eta hortik abiatuta, kantu berriak sortzea ere. Mikel Laboak horrela azaldu zuen: "Garai batian beste ritmo batzuekin gertatu zen bezela, orain ere sortuko da euskal abesti berri eta berezi bat, latindarren eta anglosajondarren desberdiña. Bere sello berezi bat izango duana esan nahi dut. Gainera bere gaia mamitsua izatea lortu behar litzake (alegia, problema espiritualekin, sozialekin ta...), tamala bai da jendeari iristeko, orrelako bide on bat alperrik galtzea" (1).
Kursaaleko sotoetan egindako hasierako bileretatik taldea desagertu zen arte, Ez Dok Amairuk partaide asko izan zituen. Kide nagusien artean honako hauek: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Jose Antonio Villar, Jose Angel Irigarai, JosAnton Artze, Jesus Artze, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Felix Sarasola, Juan Mingo, Luis Bandres, Jean Paul Arregi, Jose Mari Zabala... Horrez gain, taldearen barnean, hainbat talde izan ziren: Oskarbi, Biurriak (Arantxa Gurmendi aktorearen taldea) eta Yoloak.
Garaiko testuinguruak berebiziko garrantzia izan zuen Ez Dok Amairuren sorreran. Maila ideologiko eta intelektualean, Jorge Oteizaren ideiek garrantzi handia izan zuten. Artista oriotarrak 1963. urtean ¡Quosque tandem! Interpretación estética del alma vasca liburua argitaratu zuen, euskal kulturaren berpizkundea proposatuz. Halaber, Euskal Arte Garaikidearen Eskola sortzearen aldeko proposamena bultzatu zuen.
Kantagintzan, taldearentzat oso garrantzitsua izan ziren Nemesio Etxanizen eta Mixel Labegerieren ekarpenak. Halaber, Kataluniako nova canço-z gain, garaiko beste hiru iturri nagusitatik hartu zuten inspirazioa Ez Dok Amairuko kideek: Hego Ameriketako kantagintza (Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra...), kantagintza frantziarra garaikidea (Georges Brassens, Leo Ferre, Jacques Brel...) eta AEBetako folk berria (Bob Dylan, Pete Seeger, Joan Baez...).
Taldearen lehen emanaldiak 1966ko urtarrilean izan ziren, Hernanin eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Dena den, oraindik ez zuten taldearen izena erabili, Jarrai antzerki taldearen eskutik izan ziren emanaldiok. Ez Dok Amairuren lehen emanaldi ofiziala 1966ko martxoaren 6an izan zen, Irungo Bellas Artes antzokian. Ekitaldiari sarrera emateko, Xabier Letek Martin Errementariaren ipuina kontatu zuen eta ondoren Joxe Mari Iriondo kazetariak aurkezpena egin zuen. Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Bat eta Bi, Jose Antonio Villar, Julen Lekuona, Artze anaiak eta Zarauzko Oleskariak zortzikotea aritu ziren, ordena horretan, lehen emanaldi ofizial hartan. Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukerten Pelotari filmak itxi zuen ekitaldia. Taldearen filosofia honako hau zen: bakoitzak aberastu behar zuen taldea, eta taldeak bakoitza. Egitura malgua izan arren, nolabaiteko antolaketa ere izan zuen Ez Dok Amairuk: JosAnton Artze zuzendari artistikoa zen, Jose Angel Irigarai antolatzaile zuzendaria eta Nekane Oiarbide administrazio eta harreman publikoaz arduratzen zen.
Ondorengo jaialdiak honako leku hauetan izan ziren: Zumarragako Itzalon zinema aretoan (1966ko martxoaren 19an), Segurako parrokia aretoan (1966ko martxoaren 26an), Ordiziako Etxezarreta zinema aretoan (1966ko apirilaren 12an), Madrilgo Colegio Mayor Landirasen (1966ko maiatzaren 15ean), Donibane Lohizuneko Kasinoan (1966ko maiatzaren 28an), Errenteriako Onbide zinema aretoan (1966ko ekainaren 19an), Orion (1966ko ekainaren 25ean), Ondarroan (1966ko azaroaren 26an), Durangon (1966ko azaroaren 30ean, II Euskal Liburu eta Disko Azokan), Donibane Lohizunen (1966ko abenduaren 20an), Bilbon, Eibarren, Ondarroan, Bermeon (1967ko urtarrilean), Andoainen (1967ko otsailaren 1ean), Bergaran (1967ko otsailaren 3an), Lekeition (1967ko otsailaren 5ean), Barakaldon (1967ko otsailaren 12an), Donostian eta Bilbon (1967ko otsailean).
Taldeak egindako emanaldi ugari eta lortutako ospeari esker, Ez Dok Amairuren barnean zeuden kantariek ere bakarkako diskoak argitaratzeko aukera izan zuten urte horietan. Askotan Ez dok Amairu izena erabiltzen zuten diskoetan. Horrela egin zuten, esate baterako, Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok argitaratu zituzten lehen bi disko txikietan. Dena den, taldearen izenpean disko bakarra argitaratu zuten, Euskal kantari berri hautatuak bilduma (Herri Gogoa, 1970). Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Oskarbi eta Irigarairen kantuak zeuden bertan.
Euskal Herrian zein atzerrian emanaldiak egiteaz gain, Ez Dok Amairuk lan garrantzitsua egin zuen gustuko zituzten kanpoko musikarien promozio lanetan ere. Taldeak iraun zuen bitartean musikari garrantzitsuak ekarri zituzten Euskal Herrira jotzera: Raimon, Guillermina Motta, Atahualpa Yupanqui, Barbara Dane eta Pete Seeger, besteak beste.
Ez Dok Amairuren beste ekimenetako batek polemika handia eragin zuen 60ko hamarkadaren amaieran. Kideek profesionalizazioaren aldeko apustua egin zuten. Xabier Leteren esanetan, "Ez Dok Amairukoak kantaldiak antolatzen hasi ginen. Baldintzak jartzen genituen, lokal egokia, mikro onak, egun eta ordu egokiak, sarrera kobratzea eta kantariei ordaintzea. Hor sortu hituen istiluak. Antolatzaileek onartzen ziaten planteamendua, baina horrek ondorioz zekarren kostoa ez ziaten onartzen" (2). Ildo horretan, 1970eko urtarrilaren 11n Zeruko Argia-n profesionalizazioaren aldeko agiri bat argitaratu zuten Ez Dok Amairuko kideek. Baina garaiko Euskal Herrian ideia hori ez zen begi onez ikusten, eta kritika latzak jaso zituen taldeak; besteak beste, "faltsuak" eta "diruzaleak" izatea leporatu zieten.
Talde gisa Baga, biga, higa sentikaria izan zen proiekturik inportanteena. 1970eko abuztuaren 22an estreinatu zen Portugaleten, eta 1972. urtea arte, taldea desegin arte, iraun zuen. Garaiko gizarteak bizi zituen kezkak eta arazoak islatu nahi zuten sentikarian. Horretarako, ezohiko emanaldi bat prestatu zuten, bi zatitan banaturikoa, taldearen osotasuna agertzen zuena. Sentikariaren hasieran eta amaieran elkarrekin dantzatzen zuten Baztango mutil dantza. Gainerakoan, antzerkia, dantza, poemen irakurraldia eta kantak ziren osagai nagusiak. Sentikaria Euskal Herriko toki askotan aurkeztu zuten: Urnietan, Tolosan, Donostian, Bilbon, Elorrion, Ustaritzen, Iruñean, Barakaldon, Azpeitian... Baita Euskal Herritik kanpo ere: Bartzelonan, Paben, Bretainian...
Ez Dok Amairu 1972ko abenduan desegin zen; barne krisia urtebete lehenago hasia zen. Hainbat arrazoik eragin zuten taldearen amaiera, kontu artistikoak eta sozialak elkartu ziren. Baga, biga, higa sentikariaren bi disko grabatuta zituen taldeak. Hasiera batean, sei kanturekin arazoak izan zituzten, baina azkenean zentsura igaro zuten diskoan grabatutako abesti guztiek. Dena den, kaleratu aurretik bi abestik eztabaida eragin zuten talde barruan: Lourdes Iriondok musikatutako Gabriel Arestiren poema batek eta JosAnton Artzeren kantu batek. Taldean ez zen adostasunik lortu, eta, azkenean, grabatuta zegoen disko hori ez zen inoiz argitaratu.
Garaiko egoera politikoak ere eragin zuen desegitean. Taldean ikuspegi asko zeuden, eta hori gero eta agerikoagoa zen. Kanpoko eragileek taldearen gaineko kontrol ideologikoa ezarri nahi izan zuten, eta horrek barne tentsioak areagotu egin zituen, banantzea ekarri arte. Dena den, taldekideek ez dute inoiz azaldu taldea zergatik desegin zen.
Barne eztabaida gertatu zen bitartean beste afera bat izan zen. 1971ko urriaren 31n gaupasa egin zen Larraizko belardian, Txindokiren magalean. Ez Dok Amairuko zenbait kidek hartu zuten parte, Lertxundi, Laboa eta Artze anaiak tartean, eta hiru mila lagun bildu ziren bertan. Eskandalu handia sortu zen, akelarre bat izan zela zabaldu baitzuten hainbat hedabidek eta Ez Dok Amairuren kontrako kanpaina gogor bati ekin zioten.
Desegin ondoren, bi talde sortu ziren Ez Dok Amairuren errautsetatik. Batak sentikariaren ildotik segitu zuen lanean, Ikimilikiliklik ikuskaria sortuz. JosAnton Artzek, Mikel Laboak, Jose Mari Zabalak eta Jesus Artzek osatu zuten talde hori, Jose Luis Zumeta margolariaren laguntzaz. Ikimilikiliklik Algortan (Getxo, Bizkaia) eman zen lehen aldiz, 1975eko apirilaren 18an. Geroago, 40 bat aldiz taularatu zuten Euskal Herriko hainbat herritan. Kanpoan ere eskaini zuen taldeak, Bordele (Frantzia), Valladolid (Espainia) eta Zaragozako (Espainia) unibertsitateetan.
Ez Dok Amaiurko beste kide batzuek berriz, Zazpiribai taldea sortu zuten. Bertan zeuden Lertxundi, Lete, Irigarai eta Iriondo, Ipar Euskal Herriko beste kantari batzuekin: Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Patxika Erramuzpe, Ugutz Robles-Arangiz, Maite Idirin, Eneko Labegerie...
2003. urtean AEK-k antolatutako Korrikak Ez Dok Amairu omendu zuen.