Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > ez dok amairu> hemeroteka
ez dok amairu > hemeroteka

Gure jokabidearen berri. (Agiriak) (1970-01-00)

Jaialdien presentazioetan batzuetan, esku-programetan besteetan, izketaldi eta elkar-ikusteetan gehienean, gure iritzi eta nahiak azaltzen ditugu eta honela jakin-arazten. Baiñan gaur bezala "oroekiko iritzia" deritzaionari agiri bat egiten, lanean lau urteetan ibilli arren ez gara iñoiz agertu; izketan asi baiño lehen, lanari lotu behar dala lehenik pentsatzen dugulako.
Aspaldi hontan, gure taldearen gain gauza batzuk geratzen ari dira, eta garrantzikoak iduritzen zaizkigulako erabaki dugu agiri hau idaztea; ez gure gustora, ezinbestean eta hontaratu gaituztelako baizik. Gure jokera eta pentsaera-moldea herriari agertu nahi diozkagu, jakinen gaiñean egon dadin, eta orduan juzga ahal izan dezan.

Gerla bukatu-ta, ondorengo hutsune illuneko gizartean, gehienak gaizki egokituak gertatzen gara hura gainditzeko. Erdi maillako burgesia krisis-ean amiltzen denean hemen pasatu den bezala, areago gertatzen zaio burgesia txikiari, eta honen betiko zalantzak haundiagoak dira bihurtzen. Klaseen arteko borroka mistika berezi batez planteatzea, gizartea bera iraun arazi lezateken estrukturen aurka altxatzea (aski bai da hil zorian gertatzea, mundu osoa "progresismoa"-ren izenean ondatu nahi izateko), eta abar, eta abar.

Edozein alorrean bitxikeri eta zentzugabekeri besterik ez dira azaltzen. Esan beharrik ez da izango noski, kulturak zer-ikusterik duela. Kultura, beraz, ez da gizartetik at odeietan dabillan zerbait "folklorikoa", gizartearen agerpen bat baizik; eta ekonomiko-funtsea indararazten ba da, hain zuzen kultura osoa (gizarte baten nortasuna alegia) aurrera dadin egiten da, eta aitzitik. Guk gaur kulturarekikoak ukituko ditugu, baiñan funtsea gizartean datzala dakigularik.

Gehiago mintza diteke noski, baiñan ez gatoz problema hontan sakontzera, beretik datorkigun zerbait aztertzera baizik. Egoera hontan guri zuzenki doazkigun ezaugarri batzuek gakartza gaur.

Duela denbora puska bat, eta garai bateko joerak gutxiesten zoazenean, bere burua euskalduntzat duten batzuek, gustatzen ez zaielako, beren menpekoa ez zelako, edo lehen aipatu izpirituak eraginta, "ez dok amairu" taldea, madarikatu nahi izan zuten. Orduan, ixil-uneko borroka asi zen taldeari buruz. Baiñan denboraldiak denetzat latzak ba ziran, batzuentzat latzagoak zoritxarrez, eta orduan ahalik ezak haien jokaera ixil-unetik gaizki esakara aldatzen du.

Eta orain, gure taldeko batzuk erderaz asi behar omen garela kantatzen esaten da; batzuk, kantetan esaten dugunaren aurka bizi garela, "faltsoak" garela alegia; diruz jantzita omen gaudela, lehunegiak, traidoreak, eta abar, eta abar. Baiñan ez pentsa suzmo horien iturburuak aurkitzeko oso urrutira joan behar denik ez gure etxean daude gero!

Lehendik ere, batzuentzat "burges" hutsak giñan; besteentzat berriz "komunistak"; hangoentzat etsairik haundienak, eta hemengoentzat bildotsarik xamurrenak. Gutxientzat zoritxarrez egiazki garenak, denak bezalakoak alegia; mail guztietan huts eta akatsak dauzkagunak, beste edozeinek aiña edo gehiago, (eta ez goaz horiek ukatzera noski). Baiñan askok gure ekintza juzgatzean, gure joera aztertu baiño, dirudienez beren barrenetikako egoerak eta griñak azaltzen.

Gizarte batek bizitzeko behar dituen ameka gisako bideak, ez omen dira tinko finkatu behar; batzuen iritzirako atzerakoiak, salduak, aluak, eta beste omen dira lan hoieri lotzen diranak. Honekin, herri baten ezaugarri eta oiñarriak ez dirala gorde behar esan nahi bada, jakin dezagun behin eta betirako holakoek nahi luteken geroko gizarteak, ez duela ahalmenik izango ez eta gizartea ere izateko; eta hura metafisika eta ametserik amultsuenean bizi diranen nahi kontradiktorioa baizik ez dala. Gaiñera, honek beste ondorioak ere ba dakarzkigu, gutartean zoritxarrez oso edatuak daudenak: demokratiko jokaerarik eza, lagunari errespetorik ez, talde batean lanari lotzeko ahalik eza, eta abar. Eta hala batean iritziak albokoak ez ba ditu betetzen, betirako madarikatua izaten dala gertatzen ari da. Azalezko gauzetan radikalizazioa baiñan pixka bat sakondu ezkero krisis, ahulezia eta gutxiagotasun-konplejo besterik ez.

Hau dena aztertu ezkero, pundu batzueri buruz zenbait aipamen nahi genuke egin.

1.- Lau urte hauetan herriz herri ibilkiak gara euskalerri zear. Frontoi, enparantza, teatro, probaleku, saloi edo beste, izan dira gure ager-lekuak. Asieran jendeak gutxi ezagutzen ginduen, normala den bezala. Orain berriz, aitzitik gertatzen da. Asi giñanean euskal kantaririk bakan agertzen zen, funtsea oraindik ez zegoen tinko; orain aldiz, sendoago doa eta mail batean dago. Lehen ez ezaguna zelako, ezagutzera eman behar zen, eta orain ere, jarraitu behar du ezaguna izaten noski baiñan bide sakon, hobe eta iraunkorragotik. Lehen edozein lekua ona ba zen jaialdi bat emateko, orain askok horrela izan behar ba dute ere, beste askotan gauzak ahalik eta hobekien egin eta eman behar diralakoan gaude. Hasieran guk eskatutako dirua gutxi ba zen, gero gauzak hobekitu behar izan ditugunaren arabera, ahal den bezanbat eskatzen joan gara (ohart "ahal" esaten dugula). Baiñan sekula ez dugu ez eta leku bat ere diruaren arazoarengatik utzi. Betor horrelakorlk esan lezaigukena.

2.- Pentsatzen dugu, gure herriak iñoiz baiño gehiago, luzera doazen kultura-moldeak behar dituela; eta ez zakurraren gaberdiko estula bezala egun sentian suntsitzen diranak. Baiñan kultura-moldeak iraunkor eta sendoak izan ditezen, lana egin behar delakoan gaude, eta nola! Gure antze-izkuntza guztiak ikastea, bai doiñu, itz, poesia, ritmo nola musika-tresnek dituzten tankera bereziak; hauk bitartekotzat erabiltzeko, iduritzen bai zaigu gure herriak sortu dituen gauzak, herritar bati egokienak izango zaizkala, eta halaber, herritar honek horien bitartez egindakoa sakonkiago herriaren baitan sartuko dala. Gaiñera beste eskualdeetan egiten dituzten gauzen berri izatea: dizkak, liburuak, aldizkariak, eta abar; bestalde, sozial gertaerak sakonki astertzea, eta hortarako behar den denbora, liburuak, eta abar eta abar. Ikusten denez, frango lanik ba da egitekoa, eta beraz, lan den ezkero, ordaindua behar lukelakoan gaude.

Guk gaur egun, lan honen %10a baiño askoz ere gutxiago egiten dugu, eta ez nahi ez dugulako, posibilidaderik, denborarik, dirurik, etab. ez ditugulako baizik; hots, gu edo beste batzuk, egoera egokian behar giñake egon, gauza horiek denak egin ahal izateko. Ez ba gaude, beti bezala "amateur"-egiak garelako da.

Txantxetako, eta ez hain txantxetako gauzetan (jostaketak, pillota, zinea, futbola, dantza-tokiak, edariak, eta milla gauza gehiago), hainbeste diru xautzen den herrian, gezurra dirudi euskal kantarien aurka jazartzea, jaialdi batengatik behar lutekenaren erdiaren erdia eskatzen (?) dutelako, edo sarrera zortzi edo amar duro kobratzen dulako. Gureak gutxiago balio ote, ala? Denek merezi eta behar dute bere lanatik bizitzea; baten lanarekin, norberaren nortasuna aberasten bai da, bai eta gizartearena ere, eta aitzitik.

Antze egitea lan bat da, giza eginkizun bat, herriak behar duen zerbait: ez beharrezkoena, baiñan gizakumeak lehen beharrak betetzen dituen ondorenean beharrenetarikoa. Eta antzea sortuko ba da iñon, antze landua, sakona, haren egiteak bizi bat osoki bete behar du. Hau da, artistak profesionala behar du izan; ez profesionala dirua irabazten, lan egiten onuragarria da eta beharrezkoa, bainan honen bidea ez da luzea izaten, eta ez da iñoiz gai batean benetan sakontzen.

Bi kalte ditu honek: ezer berririk ez sortzea, eta gizonak ezer sortzen ez duenean, aspertzen da edo makina bat bihurtzen; eta edozein arazo xinpleagatik, ezkontza, adina, etab., bere kultura ekintza baztertzen du. Bestetik, jakite sailletan dabillen jendeak, lan horiek gutxitan hartzen ditu bere bizitzarako lehenak, garrantzitsuen gisan. Bete eguneroko eginkizunek uzten diozkaten tarteak erabiltzen dituzte kultura ekintzetarako, eta honela jaunak, ezin diteke axalkerietatik atera.

Ba da beste arazo bat ere gogoekintzari zearo ez lotzeko, eta da gogoarekiko lanak gure herrian ez dirala lan bezala hartzen, denborapasako zerbait bezala baizik. Horregatik gure antze-egilleak beren lanatik bizitzeko duten eskubidea ez da onartzen. Oroit gaitezen Txirrita zenari buruz sortutako eztabaida famatua: «Txirrita nagi bat duk, alferra» batek ziola, besteak honela erantzun: «Txirrita argintzan nagia izatea, ba liteke ez bai da bere lana. Begira zak zenbat bertso sortu dituen eta esaidak ea bere lanean, bertsolaritzan, alferra den...» Edo askotan entzuten dena: «halako artista profesionalizatu egin omen duk; a zer zerria!, herriaren lepotik bizi nahi dik!». (Nor nondik?, artista herriagandik ala herria artistagandik?; edo-ta gizona tripa zaku bat besterik ez ahal da?). Benetan atzerakoia iritzi hau. Aurrerakoia eta on-bidekoa izango litzake, ea artista horren lana ona ala txarra den eta zergatik esatea. Baiñan askotan, artistari berari ez zaio iduritzen bere bertso edo dantzatik bizitzea zillegi denik; herritik datorkion kutsu kirestuaz bustia dago. Eta herriak bere artistak babesten ez dituen bitartean ez dezagun pentsa herri hortan kultura sortuko denik. Sortuko dira perretxikuren batzuk, baiñan ez jatorrizko kulturarik.

Hau aspaldidaniko gauza omer dugu, zeren XVIII-garren mendean Joanes Etxeberri zenak, "biltzar" dalakoan bere lau izkuntzerako iztegi nausia argitaratzeko aiña eskatu (?) zuenean, ezezkoa eman bai zioten. Sarako idazle bikaiñak nonbait «izugarrikeri» bat eskatu (?) omen zuen, eta hala gaur garrantziko liburu hura gabe gaude sekulako. Baiñan ez da XVIII-garren mendera joan beharrik; gaur egun hor dabiltza gure jende jakintsu, etxetik kanpo egon beharra, hemen bizitzerik ez dutelako, eta horrelakorik behar ez omen dugulako. Eta bestalde, kanpoan dabiltzan gure hainbeste tekniko, injiniero, ekonomista, langille-jabetu, eta gure industrial-eziketan premia haundiko ditugun jendeetaz, zer esan? Nork bete behar du gure industrian haien hutsunea? Eta zer esanik ez, konparazione Ondarrabian bizi diran "euskal-eskolako" gure margolarietaz; denek oso herrikoitzat dituztenak, haietaz baliatzeko dalarik, baiñan iñoren laguntzik hartzen ez dutenak.

Beldurrik gabe esan dezakegu, gizarte sendo baten ezaugarriak ez dirala horiek, eta ohartuko bagiña, oillarrak beste kukurruku joko ligukela.

Guk lan baten truk, zerbait kobratzen dugunean, denak oroitzen dira gutaz; baiñan jaialdia posible izan zedin egin behar izan ditugun gauzetaz iñor ez da oroitzen (lehen esan ditugunen gaiñetikakoak) gitarrak dirala, mikroak, fokoak, bidaiak, programa, propaganda, eta horrelako beste, zerutik jausten omen zaizkigute; eta gaiñera sobratzen den diruarekin, antzelariek «burges bizitza» hutsa daramakigula esaten digute, bizitzeko beharko genukenaren laurdena gelditzen ez zaigularik. Dirudienez, jaialdietara ez omen da automobillean joan behar, bizikletan baizik...

Gaiñera hori zerbait irabazten dugunean, edo-ta aipatu beharko ote ditugu ezer kobratu gabe, diru galtzen honen edo haren alde eman ditugun jaialdiak?

Jaialdi batzuetan ez ditekela ezer kobra, kondizione berezietan gaudela, eta kasu ibilli behar dela, ba dakigu, eta esan gabe doa ez dugu uste neurritik kanpo ibilli garenik (gure egoeraren berri dakiten hainbeste herritara eraman-arazi gaituztenak, mututurik gelditu ahal dira?) Egia esan, mail guztietan amateur-egiak izan garela deritzalgu.

3.- Ikastolaren alde egiten diran jaialdietan antzeko zerbait gertatzen da. Gu behin baiño gehiago, haien alde kantatzen ibilli gara, eta bere neurrian ongi deritzaigu. Baiñan gauza horiek egoera osoago baten barrenean doaz, eta ba dakigu ere jaialdi batzuk zoritxarrez nola antolatzen diran, ameka numero ezarriz, bizpairu aritzea nahikoa litzaten lekuan; sarrera bi «durotxo» kobratuaz, eta beste horrelako.

Ikastolen egoera eta zalantza jaunak, ez datza jaialdi batean, ez eta amekan ere (erreza litzake soluzioa), denen arteko lan sakon eta seriosan baizik. Baiñan beti bezala gizartearen huts-egitea norbaiten buruan jaurtiki behar.

4.- Baiñan batzuek uste omen dute, aski dela gu leku batera joatea, jendea jazarririk ezartzeko. (Orain ere, gizartearen huts-egite jenerala talde batek bete behar du) Gabetik goizera jainkorik ezeztatzen dutenek beste fetitxe-mamu haundiagoak ezarri nahi dizkigute jainkotzat; mistizismo nazkagarri batean erortzen ari garelarik. Esate baterako, kanta batek ez bide du ezertarako ere balio, baldin eta jendea «jazar-arazten» ez ba du, eta ez da «jazartzaille» eta jatorra; eta aski da «jakinduria» eta «iraultzagille»-aren jantziekin herrian aurrean agertuz, denen aurka aritzeko. Ez gaitezen faborez herrikoikeriekin has!... Hain zuzen finkatu behar dena horixe bai da, zeintzuk diran egiazko jazar-bideak.

Guk egiten dugun lana bere konplejidade guztiekin, garrantzikotzat hartzen dugu, eta ez mistizismoak eragin-ta mixiolaritzat. Jakinen gaiñean gaude zein diran orain talde baten neurri eta jomugak, eta iraun ahal dezan haien arabera ibiltzen gara, pausu guztiak ahalik eta neurtuen ematen. Eta uste dugu iñork ezin digula, gure jokabidean "saldutzat" har litaken ezer ere muturrera bota.

5.- Indibidualkeriak utzi eta, indibidualtasuna aberasteko elkartu giñan "ez dok amairu" baitan. Bakoitzak bere ekintza eta esperientziaren berri ingurukoen artean zabalduaz, taldeak lan osatu bat egin zezan, eta era berean bakoitzaren jakitatea aberastuaz. Bakarrekiko lanak onartzen ditugu, baiñan guk hori baiño batzuen artekoa nahiago. Zaillagoa dela ba dakigu, baiñan horrek ez gaitu izitzen. Beste pertsona eta taldeekin hartu-emanik izan nahi dugu, denentzat hobe litzakelakoan dudarik gabe. (Gurekin mintzatu nahi izan duenak, ez dugu uste ateak itxita aurkitu dituenik; iñoiz horrela gertatu ba zaio iñori, barka gaitza).

Eta honekin bukatu nahi dugu; egia batzuk genituen agertu, nahiz eta mingotzak ba ziran ere. Guk nahi genituzke benetako elkar-izketa guri doazkigunak entzun. Gu hemen gaude, duela lau urte zerbait egiten asiak, eta bide berrietatik jarraiki nahiak. Alde guztietatik ditugu eragozpenak, baiñan oraindik ibiltzen gara, eta agian ibilliko. Itxaropena ez dugu galdua, horrengatik gaituzue hemen, gure gizartearekin batera jokatu nahiz, hobekitu nahiz, huts-egin gabe.

Ez Dok Amairu
ez dok amairu > diskografia