Negu Gorriak desegin aurretik plazaratu zuen Iñigo Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1964) bere talde berria. Erdialdeko Amerikara egindako bidaietan ezagutu zituen Perico Ripiao izeneko taldeak. Abeslari batek eta hiru musikarik (guira, tambora eta akordeoi jotzaile bana) osatu ohitu dute Perico Ripiao bat, eta erritmo azkarreko dantzarako musika egiten dute. Eredu hori bere erara moldatuz, Joxe Ripiau sortu zuen Muguruzak (baxua), Jabier Muguruza anaiarekin (akordeoia) eta Sergio Ordoñezekin (perkusioa eta guira).
Karibeko erritmo bero, alai eta dantzagarriak jorratu zituen Joxe Ripiauk 1996tik 2000ra bitartean: ska, reggae, raggamuffin, merengue, cumbia... Kontzertuak ematen hasi aurretik grabatu zuen lehen diskoa, Positive bomb (Esan Ozenki, 1996), eta udako kontzertuetan eman zuen ezagutzera egitasmo berria. Disko hartan bi bertsio esanguratsu zeuden: "Cherry oh baby" (Eric Donaldson) eta "Pressure drop" (Toots & The Maytals) klasiko jamaikarrenak. Hurrengo urteetan heldu ziren Karpe diem (Esan Ozenki, 1997), Paradisu zinema (Esan Ozenki, 1999) -disko horretako kantu bakoitza film bati lotuta zegoen: Casablanca, Chinatown, Los olvidados, Usual suspects, Zelig...- eta Bizitza triste eta ederra (Esan Ozenki, 2000). Hirugarren diskotik aurrera Asier Ituarte (tronboia) taldeko kide bilakatu zen. Disko bakoitzak areagotu egin zuen Joxe Ripiauren arrakasta -"Pedro Mayo", "Kaiser Sose", "Paradisu zinema" eta beste hainbat kantu oso entzunak izan ziren-, eta atzerrian kontzertuak eskaintzeko bidea ireki zion. Besteak beste, Alemanian, Italian, Suitzan, Marokon eta Japonian aritu zen, baina Euskal Herritik kanpo Herrialde Katalanetan lortu zuen harrerarik onena. Haatik, Kortatu eta Negu Gorriak-ekin gertatu zen bezala, bere onenean zegoela taldeari amaiera ematea erabaki zuen Iñigo Muguruzak. "Joxe Ripiaurekin iritsi zen memento bat instrumentazioaren aldetik-eta nahiko mugatuak geundela eta orduan esan nuen: edo taldea big-band bat bilakatzen da eta bateria eta gitarra sartzen ditugu kantei bidea emateko edo bestela aldatu egin behar da" (1).
Ordurako buruan zuen talde berri bat sortzea, oso bestelakoa. Berriz gitarrari heldu eta Sagarroi jarri zuen martxan 2001ean. Hura desegin ondoren, Lurra sortu zuen. Horrez gain, film labur bat zuzendu zuen 2001ean, Nahia.
Joxe Ripiauko gainerako taldekideetatik, Jabier Muguruzak bakarkako ibilbide emankorra garatu du urte hauetan. Sergio Ordoñez Esne Beltza taldean ari da gaur egun, eta bere proiektu propioa du: Patxuko Nice.
Testua: Jon Eskisabel
Esan Ozenki, 1996 (CD)
Esan Ozenki, 1997 (CD)
Esan Ozenki, 1998 (CD)
Esan Ozenki, 2000 (CD)
- Lo (Hitzak eta musika: Iñigo Muguruza / Moldaketa: Pello Ramirez); Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997)
- Margarita (asturieraz) (Hitzak eta musika: Raulin Rodriguez); L'asturianu muévese (L'Aguañaz, 1997)
- Ijitoen estigma (zuzenean) (Musika eta hitzak: Iñigo Muguruza); Irungo AEK-ko beteranoak (2004)