Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak sortu zuten Ken Zazpi, 1996ko udazkenean, Gernikan (Bizkaia). Biak herriko beste bi talde ezagunetan aritzen ziren orduan, Exkixun eta Lugarrin, hurrenez hurren. Gor disketxearen Aurtengo gorakada bildumaren lehen aleak eman zuen Ken Zazpiren berri 1997an, "Bi eta bat" abestiaren bidez. Baina 2000. urtera arte ez zioten taldeari behar bezalako arreta eskaini. Orduan gainontzeko taldekideak batu ziren -Igor Artzanegi (baxua), Beñat Serna (gitarra), Iñaki Zabaleta (teklatuak) eta Jon Fresko (bateria)- eta lehenengo maketa grabatu zuten Muxikan (Bizkaia), Iñaki Uoho Platero y Tú taldeko gitarristaren estudioan eta Jose Alberto Batizen (Akelarre, Tapia eta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis...) laguntzarekin.
Estraineko lana 2001ean kaleratu zuten, Atzo da bihar (Gor), eta arrakasta itzela izan zen. Guztira 20.000 ale baino gehiago saldu ziren, eta taldea Euskal Herrian oso ezaguna egin zen. "Zenbat min" abestiak ate asko ireki zizkion, baita Lugarri taldearen "Ezer ez da betiko" abestiaren birmoldaketak ere. Gainera, beste bi bertsio dakartza diskoak, Pennywise ("Larrun") eta Muse ("Irri bat") taldeenak. Bi urte eman zuten lan hau zuzenean aurkezten eta 2003ko apirilean Bidean (Gor) argitaratu zuten. Aurrekoa baino soinu gogorragoa du, rockzaleagoa, baina Ken Zazpiren musikaren esentzia den melodia albo batera utzi gabe. Esan daiteke aurrerapausoa izan zela bigarren diskoa, taldea bere potentzialean sinesten hasi zen eta kontzertu asko eskaini zituen, "nahi adina", taldekideen hitzetan. "Ilargia" eta "Haizea" kantuek arrakasta itzela izan zuten. Gor diskoetxearen arabera, disko honetatik 18.000 ale saldu ziren.
2005ean zuzeneko disko akustiko bat grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan, publikoaren hurbiltasuna sentituz. Gelditu denbora (Gor, 2005) diskoak Ken Zazpiren soinua moldatzeko balio izan zuen, eta beste mota bateko apainketak lantzeko: "Guretzako erronka berri bat izan da. Aurreko bi diskoekin nolabaiteko soinu propioa finkatu genuen eta akustiko izate honek erosotasuna aparte utzi eta motibazioa berpiztu digu zentzu guztietan. Beste tinbre batzuk bilatu ditugu, perkusioarekin, mandolinarekin... Agian, aurreko diskoko "Ilargia" eta "Haizea" kantuekin esploratu genuen bide hori azken muturreraino eraman dugu" (1). Disko honi esker Herrialde Katalanetan oso ezagunak egin ziren, eta hori dela eta, bi kantu katalaneraz grabatu zituen Eñaut Elorrietak, "La lluna" ("Ilargia") eta "Poema dels oprimits" ("Zapalduen olerkia"), hango merkaturako espreski egindako berrargitalpen batean. Disko honek marka guztiak apurtu zituen Euskal Herrian eta agertoki berrietara heldu zen taldea, ohikoak zituen herrietako plaza eta aretoetan aritzeaz gain Arriaga, Gayarre eta Principal antzokietan eta Kursaalen jo baitzuen.
Disko honen biraren barruan, 2006. urtean Catalunya-Euskadi futbol partidako atsedenaldian aritu ziren, 70.000 pertsonaren aurrean, Bartzelonako Nou Camp zelaian. Gainera, besteak beste, Amaral, Sidonie eta Bunbury bezalako artistekin Sopa de Cabra talde katalanaren omenezko diskoan parte hartu zuten, "Instant del temps" abestia moldatuz.
2007an, eta diskoetxez aldatu ostean -Gor utzi eta Oihukarekin sinatu zuten-, bueltan etorri zen Ken Zazpi, Argiak deituriko lanarekin. Rafa Sardina ekoizlearen gidaritzapean grabatu zuten Los Angelesen (AEB), eta beraien aburuz, brit-pop, power-pop eta rockaren ukituak ditu. "Gustuko dugu kanpoko musika entzutea eta, dudarik gabe, hemengoa ere bai. Bai kanpoko zein bertako eraginak izatea osasungarria da, beti ere eragin horrek jaten ez zaituen bitartean. Zure nortasuna eta izatea indartzeko balio dute, baina, dudarik gabe, berezko zerbait izan behar da" (2). Ekoizpen aldetik ez du aurrekoen antzekotasun handirik, askoz landuago da eta euskal talde gutxik lortu ahal duten soinua du. Argi gama ezberdinez beteriko diskoa da, Ken Zazpiren pertsonalitate anitzean sakontzen duena.
Disko hau Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztu zuten lehen aldiz zuzenean, Euskal Liburu eta Disko Azoka ospatzen ari zen egunetan hain zuzen ere. Gero, Euskal Herrian zehar jarraitu zuten bira, berriz ere Arriaga antzokian eta Kursaal auditorioan joz, besteak beste. Bira Donostiako Viktoria Eugenia antzokian amaitu zuten 2009ko urtarrilaren 3an, eta kontzertu hura grabatu egin zuten KenZazpi Urte Zuzenean diskoan argitaratzeko. Horrekin batera, taldearen ibilbidea irudiz jasotzen duen dokumentala osatu zuten DVDan argitara emateko. Lana plazaratzeko autoekoizpenera jo zuen Ken Zazpik, Argiak Diskak zigilua sortu baitzuen.
Argiak diskoarekin izandako esperientzia errepikatu egin zuten hurrengo diskoan. Ortzemugak begietan ere (Elkar-Argiak, 2010) Rafa Sardina ekoizlearekin grabatu zuten, eta Joserra Senperena pianistak (Bide Ertzean) kolaboratu egin zuen. Diskoak oso harrera ona izan zuen eta berau aurkezteko lehen kontzertuetarako sarrerak agortu egin ziren.
Eñaut Elorrieta kantariak bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen 2013ko udaberrian, Deserriko kantak (Elkar). Lan horretatik, "Geografia" aukeratu zuten aurrerapen kanta gisa, baina lehen singlea "Deserriko kontradantza" izan zen.
Hilabete batzuk geroago, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako diskoa kaleratu zuen taldeak, Ken Zazpi & Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (Elkar, 2013). Fernando Velazquez zuzendariarekin elkarlanean, bere ibilbideko kantu ezagunenetako batzuk ("Ilargia", "Itsasoa gara", "Zapalduen olerkia", "Gernikan"...) eremu sinfonikora eraman zituen taldeak, eta hiru kanta berri grabatu zituen: "Bihotz", "Oinutsik" eta "Gereziondoa". Diskoa aurkezteko bost kontzertu eskaini zituzten Ken Zazpik eta EOSek Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen.
Testua: Xabier Doncel
Gor, 2001 (CD)
Gor, 2003 (CD)
Gor, 2005 (CD)
Oihuka, 2007 (CD)
Argiak Diskak, 2009 (CD-DVD)
Elkar / Argiak, 2010 (CD)
- Izarren hautsa (Hitzak: Xabier Lete-Musika: Antton Valverde); AEKantuz (AEK, 2001)
- Mendigoixaliarena (Hitzak: Lauaxeta-Musika: Eñaut Elorrieta); Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005)
- Ekiozu bideari (Hitzak eta musika: Ken Zazpi); Araba Euskaraz, 2005
- Instants del temps (Hitzak: Gerard Quintana-Musika: Josep Maria Thio); Podré tornar enrere. El Tribut a Sopa de Cabra (Musika Global, 2006)
- Askatasun oihua (Hitzak eta musika: Ken Zazpi / Hari moldaketak: Arkaitz Miner)