Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > piztiak
piztiak > biografia
 webgunea
Ondarroan (Bizkaia) 1991n sortutako taldea. Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa) eta Josu Aranbarri (ahotsa eta baxua) Tu-k pop-rock taldean aritu ziren 80ko hamarkadaren amaieran, eta euskal talde onenari emandako saria irabazi zuten Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketan. Biak dira Piztiaken hasierako formaziotik geratzen diren bakarrak. Rock&roll taldea da, gitarren indarran eta ahotsaren melodian oinarritzen dena, hitzen kutsu poetikoarekin batera. Taldea inoiz desegin ez bada ere, etenaldi luzeak izan ditu, eta 2013. urtean laukote formatura itzuli da.

Piztiaken lehenengo grabazioa Huts nazazu (Elkar, 1991) mini-LPa izan zen. Josu Aranbarri eta Txomin Uriberekin batera Bernar Ituartek (gitarra) eta Justo Urkirik (teklatua) osatzen zuten taldea. Bateria jotzailerik ez zuenez, Delirium Tremenseko Juan Jose Iurrita Txufu-k eta Jimmy Arrabitek (Itoiz, King Mafrundi) lagundu zieten grabazioan. Urte berean Ez naiz ezer (Elkar, 1991) singlea kaleratu zuten, bere lehenengo lan luzearen aurrerapen gisa. Ordurako Carlos zen taldeko bateria jotzailea. Hasi orduko (Elkar, 1992) soinu gordin eta gitarrazalez hornituriko 12 kantuz osaturik zegoen -CDan 13 ziren-, tartean Lou Reed kantari estatubatuarraren "White light-White heat" abestiaren bertsio euskaratua ("Argitan berotan"). Ekoizpena Jean Phocas, Juan Carlos Perez (Itoiz) eta Piztiaken artekoa izan zen. Taldeak horrela azaldu zuen disko honetan izandako eboluzioa: "Rock'n'rollean murgildu gara. Piezak aurreko diskoan agertzen direnak baino motzagoak eta indartsuagoak dira. Huts nazazu diskoan Tu-k gure aurreko taldearen eta Piztiaken arteko bidea islatzen zen. Bertan, pop eta rock estiloen nahasketa jorratzen genuen. Orain gure bidea aurkitu dugula uste dugu: rock'n'rolla. Garapena izan da" (1).

Disko hau aurkezten ari zirenean Carlosek taldea utzi zuen eta Peio Larrañagak (Jotakie) hartu zituen bateria jotzaile lanak, gaur egunera arte dirauena. Zazpi urte itxaron behar izan zuten zaleek Piztiaken inguruan zerbait jakiteko, baina itxaronaldiak merezi izan zuen. Argia eta itzala (Gaztelupeko Hotsak, 1998) teklaturik gabe eta Jesus Galan gitarrista berriarekin grabatu zuten, hortaz, soinua askoz gogorragoa eta indartsuagoa da, kantu batzuetan sei edo zazpi gitarra daudelarik. Jose Lastra teknikariaren lana goraipatu zuen taldeak: "Berehala ulertu zuen kontzeptua. Guk berari ezer esan gabe, REM, Pearl Jam eta Dream Syndicateren diskoekin etorri zen. Maketa entzunda, bazekien gustuko taldeak genituela" (2). Lehen diskoetatik taldearentzat hitzak sortzen aritutako Kirmen Uribe idazleak pisu handiagoa hartu zuen lan honetan.

Zero (Gaztelupeko Hotsak, 1999) hirugarren disko luzea lan kontzeptuala izan zen; liburuaren eta diskoaren arteko hibrido bat bezala definitzen dute taldekideek. Eta honen ostean berriz etenaldi luzea egin behar izan zuten, ume asko agertu zirelako taldekideen bizitzan, azaldu zutenez. Beste zazpi urte igaro ziren hirukote bihurturik itzuli arte -Jesus Galanek taldea uztea erabaki zuen-. Josu Eizagirre bideoartistarekin Euriaren zain (Gaztelupeko Hotsak, 2006) ikusentzunezko obra prestatu zuten Txomin Uribek, Josu Aranbarrik eta Peio Larrañagak, eta Ondarroako Kafe Antzokian grabaturiko kontzertu berezia CD/DVD formatuan kaleratu zuten. Horren aurretik, 2002an, "Munduan dugun bazterra" kantua sortu zuen AEK Egunerako.

Gabeko kalapitxixak (Buztenbaltza, 2009) da Piztiak-en azken lana. Tu-k taldearen kantu bat berreskuratu dute disko horretan, "Pornographiaz", Kirmen Uribek 15 urte zituela idatzitako letra batekin, eta Petti kantariaren kolaborazioa izan dute. Egitasmo zabalago baten lehen atala da diskoa; film labur bat eta pintura erakusketa bat etorriko dira ondoren.

2012n Jesus Galan gitarrista taldera itzuli zen, eta Ondarroako Marabilli jaialdian egin zuen Piztiak-ek formazio zahar-berriaren aurkezpena.

Testua: Xabier Doncel

  • (1) Argia aldizkaria, 1.387. zenbakia, 1992ko maiatzaren 17a
  • (2) Euskaldunon Egunkaria, 1998ko apirilaren 23a

 

piztiak > hemeroteka

>>Huts nazazu

Elkar, 1991 (LP)

>>Hasi orduko

Elkar, 1992 (LP)

>>Argia eta itzala

Gaztelupeko Hotsak, 1998 (CD)

>>Zero

Gaztelupeko Hotsak, 1999 (CD)

>>Euriaren zain

Gaztelupeko Hotsak, 2005 (CD-DVD)

>>Gabeko kalapitxixak

Buztenbaltza, 2009 (CD)