Cecilio Pagoaga musikari eta irakasleak laguntza handia eskaini zien, gitarra jotzen irakasteaz gain hainbat kantu idatzi baitzituen bikotearentzat. Mutrikutik kanpora lehen emanaldia Mendaron egin zuten (Gipuzkoa), Garagartzan. Lourdes Iriondok eta Xabier Letek abestu zuten jaialdi hartan, eta haiek entzutera joan ziren Eusebio eta Rosa. Haatik, abesteko irrikan zeuden, eta baimena eskatu zieten Ez Dok Amairuko bi kideei. Hiruzpalau abesti jo zituzten, eta harrera beroa jaso. Hilabete batzuk geroago berriz abestu zuten Iriondo eta Leterekin, Zestoako Eliz-ondo aretoan, Benito Lertxundi ordezkatuz, hura gripeak jota zegoela eta.
Pagoagak idatzitakoak ez ezik ("Gaztea naiz", "Arrokeria"...), Nemesio Etxanizen Lur berri bila liburutik (Izarra, 1967) hartutako zenbait ale abesten zituen Txairo bikoak zuzenekoetan ("Berandu dek berandu", "Ana", "Laztan bat", "Maitearen ilobian"...), baina ez zion uko egiten modako kantuak abesteari, Nina & Frederik bikote daniarrarenak kasu.
Cinsa diskoetxeak argitaratu zuen Txairo bikoaren disko txiki bakarra, 1969an. Bilboko Seis Estrellas dantzalekuan grabatu zuten, eta Txabi Villaverde gitarristak (Soroak laukoa) eta Daikiris orkestrak lagundu zieten.
Testua: Jon Eskisabel
Cinsa, 1969 (EP)