Jokin Zamarbidek Iruñean sortutako Soñua diskoetxearen barnean jaio zen Soñua-Nafarrock azpizigilua, 1981. urtean. Folkloreko diskoak argitaratzen zituen Soñuak, baina Nafarrocken sorrerarekin euskarazko zein gaztelaniazko rock musikari heldu zion, urteak pasa ahala diskoetxearen ardatz bilakatzeraino. Jose Mari Blasco, Miren Easo eta
Marino Goñi ziren Nafarrocken arduradunak. Lehen argitalpenak Motos taldearen
Muévete (1982) EPa eta La Polla Recordsen
Y ahora qué? (1982) singlea izan ziren, eta 1983tik aurrera
Rock Radical Vasco delako mugimenduaren plataforma diskografiko bilakatu zen. Goñi eta Blasco izan ziren, hain zuzen ere, talde mugimendu hura izendatzeko RRV etiketa asmatu zutenak, Tuteran NATOren aurka egindako kontzertu gogoangarriaren harira. Euskal Herriko rockaren historian erreferentziazkoak diren hainbat disko arrakastatsu kaleratu zituen Soñuak 1983-1986. urteetan:
Hertzainak taldearen
Hertzainak (1984)
eta
Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Barricadaren
Noche de rock&roll (1983) eta
Barrio conflictivo (1985), La Polla Recordsen
Salve (1984)
eta
Revolución (1985),
Kortatu, Cicatriz,
Jotakie eta Kontuz Hi! taldeek grabaturiko diskoa, Kortaturen lehen bi diskoak -
Kortatu (1985) eta
El estado de las cosas (1986)-, Cicatriz-en
Inadaptados (1986)
... Disko horietatik milaka ale saldu arren, arazo ekonomikoek itota desagertu zen Soñua. Marino Goñik azaldu duenez, "Soñuan diru asko irabazten genuen, baina asko gastatzen genuen aldi berean, ez genekien administratzen. Penagarriak ginen"
(1). Jotakie, Potato, Tijuana in Blue,
Baldin Bada,
Malos
Tratos eta Belladona izan ziren Soñuarekin diskoa kaleratu zuten beste taldeetako batzuk.