Jose Angel Irigarai idazleak sortu zuen Artezi (Arte eta Zientzia) diskoetxea. Aurretik Herri Gogoa diskoetxearen sorreran parte hartutakoa zen Irigarai, Ez Dok Amairu taldeko gainerako kideak bezala. 1969an lau kantu grabatu zituen EP batean ("Urak dakarrena", "Begiak", "Herri-behera" eta "Miña ta griña"), Josepe Irigaray izenarekin.
Ez Dok Amairuren desegiteak Herri Gogoan eragindako zatiketaren ondorioz jaio zen Artezi. Ibilbide laburra izan zuen, baina zenbait disko garrantzitsu kaleratu zituen 70eko hamarkadaren erdialdean: Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren lehen disko luzeak (1974), Gorka Knorren Araba kantari (1974) eta Nik nahi dudana (1975), eta Benito Lertxundiren Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977), besteak beste. Ortzadar folk taldearen bi disko ere argitaratu zituen. Talde horretan, Benito Lertxundiren taldeko bi musikari zeuden; Kutxo Otxoa de Eribe eta Pello Gereño.
Testua: Jon Eskisabel