SMS galduak. Entzun!. (Disko iruzkinak)
Heldutasun zaporea dakar Xabaltxen azken lanak. Sendoa da SMS galduak diskoa, nahiz eta momentu batzuetan irregularra iruditu. Lapurdi aldean jaio zen Xabaltx, eta gaur egun Nafarroan bizi da. Diskoa grabatzeko, Tolosa (Okzitania) aldera bidaiatu behar izan du, Pascal Garmendiaren albora (disko horrek bere ibilbidea aldarrikatzeko balioko du agian). Pascalen lana abestien joera elektronikoetan nabari da batik bat, eta konponketa eta ekoizpen apartak egin ditu. Hala, elektronika eta pop doinuak nahasten dira diskoan. Poesia izan daiteke letren ardatza, horren eremuetan ezkutatzen baita abeslari lapurtarra idazteko orduan. Bere bizipenak erakusten dizkigu. Inolako trabarik gabe kontatzen dizkigu gainera sentipenok, bizitzaren errealitate gordina gertutik sentiaraziz entzuleari. "Berdin ez" da diskoko singlea, emozioz betetako himno bat bilakatua. Abesti honen erremix bat ere aurki dezakegu diskoan, bitxikeri moduan ulertzen duguna. Kantu batzuetan entzuleak aria galdu badezake ere, disko txukuna da honako hau, azkenaldian faltan botatzen genituen euskarazko pop doinuetan oinarritu eta kokatzen dena.
Xabaltx eta H2O, 1994 (CD)
IZ, 1998 (CD)
Agorila, 2001 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 2005 (CD)
Agorila, 2009 (CD)
- Mintza hakigu (Hitzak: Manex Erdozaintzi Etxart-Musika: Pantxoa Bergara); Manex Erdozaintzi Etxart. Omenaldiko kantaldia II, 1994