Hobe behin gorri ezenez beti hori. Argia, 1.624. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-05-11)
Urre gorrizko diskoa
Balerdi Balerdi iruñearrek hirugarren diskoa dute kalean. Baztango esaera zahar batean oinarritutako Hobe behin gorri ezenez beti hori izenburupekoa. Lan hau, taldearen guztiak bezala, Gor disketxearen eskutik dator.
Ohiko ildoan jorratua, baditu, ordea, aurrekoen aldean diferente egiten duten hainbat zertzelada. Hasteko, kide berri batekin aritu dira, Patxi, orain arte abesti batzuetan baino agertzen ez zena, eta aurrerantzean taldekide osoa. Asko irabazi du Balerdi Balrrdik eta diskoak bere parte hartzearekin.
Bigarren berrikuntza edo aldaketa soinuari lotua da, abestia azkartu egin dituzte, eta hori nabaria da "Ezti-eztiak" edo "Kotxe fantastikoa" gisako kantuetan. Koruekin ere lan handia egin dutela antzematen da, aurreko diskoan baino emaitza hobea erdietsiz, Blancari esker.
Betiko gaiak baliatu dituzte, freskoak, landuak, erakargarriak, imaginazio izpi ugariz zipriztinduak. "Z.Z.Z." edo "Amodioari buruz" moduko abestien bitartez jabetu gaitezkeenez; azken honek, "Iraila" doinuarekin batera, taldearen aurpegietako bat erakusten dute, aurpegi xamurra eta gozoa, gutizigarria.
Bikaina da, bestalde, "Letrak zeruan" izenekoa, diskoa zabaltzen duena. Bertsio batekin ausartu dira, Morauren "Nork daki" moldatu baitute, emaitza onez (kolaboratzaile lanetan ere aritu da berau, beste hainbatekin batera). Azken abestia, "Bertso berriak gure buruari jarriak", taldearen gorabeherak kontatzeko baliatu dute, gustuko dituzten zenbait doinu nahastearekin batera (tartean "Lore etxean"-en zatitxo bat).
Disko polita, zinez, goitik behera gorriz jantzirik burutu dutena; taldearen odola borborka senti dezakegu urre gorrizko disko honetan, nahiz eta jakin salmentek ez dutela erakutsiko lanaren benetako balioa.
Gor, 1991 (LP)
Gor, 1994 (CD)
>>Hobe behin gorri ezenez beti hori
Gor, 1997 (CD)
Musikorta, 2012 (CD)
- Toki-lekun (Musika: Sergio Ibarrola-Hitzak: Sergio Ibarrola, Toño Muro); Euskal Herriak izan behar du euskalduna eta librea! (EHE, 1996)
- Bapatean (Musika eta hitzak: Toño Muro); IKAratu beldurrik gabe (IKA, 2000)