Ganbara(tik). Argia, 1.278. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1990-02-01)
Ganbaratik, folk-pop tolerante bat
Lehen diskoan iragartzen zuten bideari jarraiki zaio Ganbara taldea, folk usainezko pop eklektiko bat egiteari. Ganbaratik honetan ere aire zaharrak letra berriekin eta letra zaharrak aire berriekin aurkituko dituzu. Maria Eugenia Etxeberriaren ahotsak ematen dio seilua taldeari, baina baita muga markatzen ere, halako zera artifiziozko bat edukitzen segitzen bait du. Musika moldaketek Blasko-Zarko-Unzu hirukotearen sinadura daramate, azken bi hauena batez ere. Unzu erreferentzia bat da gaur Gipuzkoan musika herrikoiarekin egiten diren esperimentu poperoen artean. Musika eginez gozatzen duen talde on bat ikusten da diskoan, eta hori oso nabarmena gertatzen da "Mirail aurreko anderearen dantza" piezan. Kanta zaharretara jotzea taldearentzako ia aitzakia bihurtu da, "Xurian xuri" eta "Gateau basque"-n erakusten duten bezala. "Au errenkura!"-n hitz zaharrak eta musikaren giroa askoz koherenteago geratzen dira, eta multinazional baten montaje batekin "Uso xuria"-ren bertsioak sekulako arrakasta beharko luke FMetan. Hitz berrietan, Joserra Gartziak bere muxarrarekin Leitzarango autobiari halako kexu nostalgiko bat egiten dio, eta Patxi Ezkiagarenak, bata maitasunezkoa dugu eta "In illo rempore"-n bortxakerian kanpeoi omen den herri honetarako tolerantzia aldarrikatzen du.
Ganbararen lan honetan gure inguruko folkaren oihartzunak aurkituko dituzu -Oskorri, Milladoiro-, folk-popera eboluzionatu duten Clannad bezalakoenak, Irlandako uileann pipe edo kornamusa eboluzionatuarekin eta flautekin kutsu berezia ematen dio, Vangelis edo Crusadersen ikuturik ez du falta. Azken finean, musika egiten badakien talde bat baina anbizio gutxi samarreko helburuz ari dena, ene ustez. Estatu Espainoleko merkatuan txoko bat edukitzea...
Soņua, 1982 (LP)
Elkar, 1985 (LP)
Elkar, 1987 (LP)
Elkar, 1989 (LP)
Elkar, 1992 (LP)
Elkar, 1995 (CD)
Agorila, 2011 (CD)