Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > ganbara> hemeroteka
ganbara > hemeroteka

Harat-honat. Argia, 1.190. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1988-03-13)

Ganbarak duela pare bat hilabete plazaratu zuen Harat-honat disko berria, eta aipamen hau dakargu txoko honetara joan den asteburuan Donostian egin duten aurkezpenaren kariaz. Talde lanean, Maria Eugenia Etxeberriaren abots gozo eta identifikaerrazak, Angel Unzu eta Josean Martin Zarko ditu laguntzaile sokazko tresnetan eta baita konposaketa lanetan ere; Juan Ezeizak haizezkoak jotzen ditu, Jose Lerak perkusiozkoak, Josean Goikoetxea ari da akordeoiekin, Jose Gonzalez baxuan eta Josetxo Fernandezek jotzen ditu tekladunak, ahantzi gabe diskoan zehar laguntzaile dituztenak, Aitor Amezaga sinteetan eta Loiola Garmendia abotsaz, esate baterako.

Ezaguna da folk etiketa pean herri musikaren bildumekin batera musika herrikoiaren ildotik sortutako pieza berriak ere sartzen direla, eta neurri handi batean hortik doaz oraindik ere Ganbarakoak. "Maiatzeko dantza", "Matxin baita azkena" -bi hauen letrak ere bai-, eta "Arnas dudan arteraino"-ko musikak herrikoiak dira. Lehen aldearen azken kanta -"Oi ehiztari"- eta bigarrenaren azken biak -"Argiaren hirian" eta "Zubiaz bestalde"-, askoz gehiago aurkitzen ditugu pop izena eman zaion eremu zabal horren barruan. Letretarako Gorka Setien -Korrok aldizkarikoa-, Santi Onaindia, Andoni Egaña eta Joxe Austin Arrieta hautatu dituzte, erromantizismoaren eta ebokazioaren bila beti ere.

Ganbarak ere "bere soinu berezia" edo behintzat erraz identifikatzeko moduko soinua bilatu nahi du. Ez Azalarena bezain folk, baina Oskorriren bidetik ondo berezia. Eraginetan sartuta, folk sajoian eta zeltan egin den bidea ezagutzen dutela dudarik ez da, eta horietako batzuek bezala -Clannad aipatzen genuen Azalaren diskan, eta hemen ere aipa genezake- poparen aldera jo dute. Ertaroko musika ere erabili nahi dute. Alan Stivell eta Errobiren "Alboka"-ren oihartzunak aurki daitezke "Matxin baita azkena"-n, esate baterako.

Bukatzeko, soinu gozo batekin, tresna akustikoak eta elektrikoak bezala oinarri erritmikoen elkartze polit bat lortuz, ahots eder baten inguruan, Euskal Herrian bezala kanpoan ondo funtzionatu dezakeen eta jadanik funtzionatzen duen produktu bat lortzen dute, euskal folklore zaporezko elementuak eta pop lasai estandarizatu batenak uztartuz.

Artaso
ganbara > diskografia

>>Behin batean

Soņua, 1982 (LP)

>>Banan-banan

Elkar, 1985 (LP)

>>Harat honat

Elkar, 1987 (LP)

>>Ganbara(tik)

Elkar, 1989 (LP)

>>Buhamien balleta

Elkar, 1992 (LP)

>>Itsas zabalean

Elkar, 1995 (CD)

>>Eguntto batez

Agorila, 2011 (CD)