Morau. Euskaldunon Egunkaria. (Disko iruzkinak) (1997-03-13)
Andoni Tolosa Morau kantautoreak lehen CDa aurkeztu digu Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik. Niri asko gustatu izan zait hernaniarraren pop disko hau. Ezer bada lan hau zera da: polita, gustagarria, atsegina.
Haatik, kantautorea ez zaigu bakarrik etorri lehen luze honetan. Joxi Ubeda, Deabruak Teilatuetan taldekoak eta beste hainbat musikarik lagundurik etorri zaigu. Onerako izan da, asko aberastu du Morauren musika, Morauren musika izateari utzi gabe. Zuzeneko emanaldietan ere antzematen da taldearen laguntzaren onura eta asko irabazi du.
Pop doinuak dira nagusi konpaktuan. Akorde politak, melodia atseginak, hitz inspiratuak eta lelo gustagarriak. Rock doinuak ere agertzen dira gitarra elektrikoen sarrerarekin. Beharbada, abesti guztien artean belarrirako itsaskorrena "Nork daki" da, leloaren eraginez. Gero badira oinazea, tristura eta malenkonia ukituz bustitako abestiak. "Erreparoak", "Beraz berdin dio" edo "Nostalgia", kasu. Azken hori zoragarria da, "ezin harrapaturik" lelo zatiaren errepikapenarekin. Badaude ere konpromezua erakusten duten abestiak: "Ezinezko amodioa", "Istripu uniformeduna"...
Morauk bete-betean asmatu du soinu-errekurtsoak sartuz. Erabili dituen guztiek ederki jantzi dituzte abestiak: txistu hotsa "Desertoreak"-en, deiadarrak "Erreparoak"-en... Halaber, diskoak moldaketa onak ditu. Finean, oso lan txukuna, ederra da lehendabiziko hau.
Gaztelupeko Hotsak, 1996 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 1998 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 2000 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 2004 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 2008 (CD)