Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > morau> hemeroteka
morau > hemeroteka

Morau. Argia, 1.609. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-01-19)

Pentagraman idazten duen poeta

Oso zaila egiten zait lagun eta oso hurbil izan dudan kantautore honen diskoari buruz hotzean hitz egitea. Morauren kontzertu gehiegiren zama astuna da...

Morau, interpretea baino, poeta da. Akaso egokiagoa litzateke literatur kritikari baten eskuetan uztea komentario guztiak. Baina bere poesiari musika jartzen dio poeta honek. Hitzek erromantizismo berezi bat dute, ezti erromantizismotik urrun eta egunerokotasunetik hurbil. Ez dira ohiko kantautoreek erabili ohi dituzten gaiak; estilo berezi bat du Morauk amodioaz mintzatzeko, hurbila, ezaguna egiten zaiguna. Kantagile soziala ere bada Morau, baina konsigna errazak baztertzen asmatu du. Ironia du giltza.

Diskoa entzuterakoan kontuan hartu behar da gitarra biluzi batentzako egindako kantuak direla, nahiz eta oraingoan "deabruen" laguntzarekin entzun. Melodiaren maisu dugu Andoni Tolosa, nahiz eta interprete bezala asko ikasteko izan. Baina, aizue, ezin zaio horrenbeste eskatu pertsona bakar bati: ondo idatzi, ondo kantatu, ondo jo... Jo! Hori bakarrik falta zitzaion gizarajoari! Hainbeste gorroto dituen hit parade-etan sartzea! Heroia izatea!

Morauren betiko jarraitzaileok izan dugu aspaldiko ametsa beteta ikusteko beta: kantu ezagun horiek talde baten laguntzarekin entzutea. Baina, hara, ez naiz ziur honek asetu nauenik. Ez ote da zeozer tintontzian gelditu? Akaso ez dituzte kantuak nahikoa landu, diskoari behar zukeen garrantzia eman ez baliote bezala. Denbora falta? Produktore falta? Hurrengorako "debereak".

Morau zein den ez dakiten entzuleentzako abisu bat: Morau ez da guapoa, ez altu eta ez guapoa. Ez da, beraz, eszenatokietako heroia inoiz izango. Eskerrak. Baina badaki zer esan eta nola esan. Eta hori eskertzen da, maniki ergel tontolapikoz betetako musika mundu honetan.

Xabi Nabarro
morau > diskografia

>>Morau

Gaztelupeko Hotsak, 1996 (CD)

>>Kantu galduak

Gaztelupeko Hotsak, 1998 (CD)

>>Amodio domestikoa

Gaztelupeko Hotsak, 2000 (CD)

>>Txukalda

Gaztelupeko Hotsak, 2004 (CD)

>>Kalamidadiak

Gaztelupeko Hotsak, 2008 (CD)