70eko hamarkadan rock progresiboak Euskal Herrian eman zuen aleetako bat izan zen Sakre. Garaiko beste talde batzuek ez bezala, apenas edan zuen folketik, eta bere soinua rockari lotuagoa egon zen. Tolosan (Gipuzkoa) sortu zen taldea, aurrena Memphis izenarekin, eta disko bakarra kaleratu zuen, Bizitako gauzak (1978).
Sakre izango zenaren oinarria 1974. urtean hasi zen eratzen Tolosan (Gipuzkoa). Urte horretan Juan Carlos Badiolak (bateria), J. Victor Carracedok (baxua eta ahotsa), Javier Nogueirak (gitarra apala eta ahotsa), Jesus Egiburuk (gitarra solista eta ahotsa) eta Jesus Aldazabalek (organoa) indarrak biltzea erabaki zuten, hainbat talde atzean utzita (Los Surcos, Botones Rojos, Experiencia), eta Memphis izenarekin Donostian eta Altsasun antolatutako musika lehiaketetara aurkeztu ziren. Azken horretan lehenengo saria jaso zuten, eta urte horretako udan hainbat emanaldi eman zituzten, Euskal Herrian ez ezik, Espainian ere; besteak beste, Burgosen, Errioxan eta Kantabrian.
Ordura arte, beste talde batzuen bertsioak egiten zituzten, baina 1975. urtearen hasieran, Carlos Otero abeslaria eta Imanol Aranburu organista sartzearekin batera -Jesus Aldazabalek utzi egin zuen taldea eta Nogueira soldadutzara joan zen- konposatzeari ekin zion Memphisek. Orduan ekin zion taldeak euskaraz abesteari ere, eta erositako musika ekipoa ordaindu ahal izateko, taldea dantzaldietara nahiz rock jaialdietara begira jartzea erabaki zuten kideek. Plazatan jotzeko Gaizka izena hartu zuten, eta Memphis deiturarekin segitu zuten rock kontzertuetan. Horrela, 1976an, jaioterrian, Tolosan, eginiko rock jaialdi garrantzitsu batean parte hartu zuten garai hard-rock eta rock progresiboko beste hainbat talderekin batera: Bloque, Paracelso, Brakaman eta Tilburi...
Taldekideek soldadutzara joan behar zutela-eta, Memphisek aldaketa ugari izan zituen garai hartan. Hala, Carlos Badiolaren ordez, Michel Longaronek hartu zuen lekua garai batez, eta Iñaki ‘Txete' Mezquita gitarrista ere gehitu zitzaien. Horrekin batera, Ipar Euskal Herrian lehenengo kontzertuak ematen hasi zen taldea, eta 1978an izenez aldatzea erabaki zuten. Ordutik aurrera, Sakre izena hartuko zuen Tolosako taldeak. Ordurako, taldea rock progresibora bideratua zegoen. Nolanahi ere, Haizea, Enbor, Izukaitz eta garaiko beste talde ugariren bidetik jo beharrean, Sakrek ez zuen apenas folkaren eraginik erakutsi, eta soinu gogorragoa landu zuen. Rock sinfonikoaren eremuan koka daiteke bere musika, teklatu eta gitarra pasarte luzeetan oinarritutakoa.
Jesukristo Superstar rock operak izandako arrakastak bultzatuta, Sakrek ere obra kontzeptuala idatzi zuen, Bizitako gauzak, eta 1978ko apirilaren 9an haren lehenengo zuzeneko aurkezpena egin zuen. Ordurako taldea diskoa grabatzeko gogoz ere bazegoen, eta laster akordioa lortu zuen Elkar diskoetxearekin bere lehenengo diskoa izango zena grabatzeko. Egiburu eta Badiola soldadutza egiten ari ziren une hartan, eta diskoa Baionan grabatu behar zenez, ez zuten parte hartu ahal izan grabazioan. Azkar, lau pista batean, eta toma bakarrean grabatu zuten diskoa 1978ko udan, eta taldekideak gustura geratu ziren arren, zuzenean lortzen zuten soinutik urruti zegoela ondorioztatu zuten kritikari batzuek. Bizitako gauzak disko kontzeptuala da, eta gizon etsitu batek egoera horretatik irteteko egingo dituen ahaleginak kontatzen ditu lehenengo kantutik azkenera. Mezquitak gitarra guztiak grabatu zituen eta Aranburuk Egiburuk grabatu behar zituen koruak. Diskoan, besteak beste, Xabier Leteren "Izarren hautsa"-ren moldaketa sartu zuten.
1979. urtea zuzenean jotzen eman zuen taldeak, eta besteak beste Orquesta Mondragonekin eta Carles Benaventekin konpartitu zuen agertokia. 1980an, ordea, taldea desegin egin zen, eta hurrengo hilabeteetan hura berriro birsortu eta taldekide berriekin proiektuari segida emateko asmoak egon baziren ere -tartean Roberto Yabenekin-, azkenean ez zuten aurrera egin, eta taldekideak beste proiektu batzuetan hasi ziren: Klabelin Komik, Egan, Basakabi... Horretaz aparte, Urko, Imanol eta Juan Carlos Irizarrekin ere aritu dira besteak beste.
Testua: Mikel Lizarralde
Elkar, 1978 (LP)