Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > mikel urdangarin
mikel urdangarin > biografia
 webgunea

Ondo landutako sinpletasunetik lortu du jendearengana iristea Mikel Urdangarinek (Zornotza, Bizkaia, 1971). Herri tradiziokoak diruditen abestiak egiten asmatu du, gitarra helduleku nagusi duelarik. Folk ukituekin baina popetik gertu, egungo kantautorerik garrantzitsuenetakoa da. Badira hiru aste (Gaztelupeko Hotsak, 1998) eta Espilue (Gaztelupeko Hotsak, 2000) azken hamarkadako diskorik arrakastatsuenen artean daude. Horrez gain, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Kirmen Uriberekin hiru proiektu eraman ditu agertokietara: Bar Puerto, Zaharregia, txikiegia agian eta Jainko txiki eta jostalari hura.

"Egun batean, lagunak musean ari zirela, diskoa mahai gainera bota eta esan nien: ‘1.500 pezeta, erosiko al didazue?'. Lagunak ezin sinistuta gelditu ziren" (1). Horrela hasi zen Mikel Urdangarin kantugintzan. Gitarra jotzen ikasi, konposatzen hasi, eta urte eta erdian atera zuen, bere kabuz, Haitzetan lehen diskoa, 1997an. Lehen disko haren 1.000 ale saldu zituen, baina Badira hiru aste diskoak (Gaztelupeko Hotsak, 1998) egin zuen ezagun Mikel Urdangarin. Hainbeste, ezen lehen disko hura berrargitaratzeko aukera izan zuen, digipack-en.

Biluzia zen Haitzetan hura, barnekoa. Ahotsa eta gitarra zituen helduleku ia bakar, eta ondoan biolontxeloaren eta akordeoiaren kolaborazio oso puntualak hartzen zituen. Bertsogintzatik kantugintzara igaro zen kantautorearen diskoa izan zen lehen hura, bertsotan kantuan baino ezagunagoa baitzen orduan Urdangarin. Eta, musika ez ezik, berak egin zituen diskoa osatzen zuten 11 abestietatik gehienen letrak. Gainontzekoak bidean aurrera lagun izango zuen Iñaki Aurrekoetxea bertsolariarenak ziren.

Lehena biluzia, eta bigarrena zelta egin zuen Urdangarinek: Badira hiru aste. Euskal Herria Eskoziarekin lotu nahi zuen disko monografiko hark arrakasta handia izan zuen; izan ere, Urdangarinen musikaren ezaugarrietako bat nabarmendu zen dagoeneko: sinpletasunetik lortu zuen jendearengana iristea. Hala, Haitzetan diskoan bezala, herri tradiziokoak diruditen abestiak egiten asmatu zuen. Disko horretan ere, berak idatzi zituen kantu asko, mozkorrez, drogazaleez, "maitasun eriak defraudatutakoez", "bihotz minak jota daudenez" eta iheslariez. Gainerakoak Aurrekoetxeak eta Arkaitz Estiballesek idatzi zituzten. Letra horiei Eñaut Elorrietak (gitarra akustikoa; Ken Zazpi), Iñaki Zabaletak (soinu txikia), Izaskunek (panderoa), Josu Zabalak (soinu txikia eta ahotsak; Hertzainak, Zazpi Eskale, Gora Gu ta Gutarrak) eta Iñigo Ibarretxek (txistua) jarri zieten musika.

Urte emankorrak izan ziren Urdangarinentzat. 2000. urtean hirugarren diskoa argitaratu zuen: Espilue (Gaztelupeko Hotsak). Kolore askotako hamalau abesti bildu zituen. "Musikari kontziente moduan" (2) atera zuen lehen lan gisa aurkeztu zuen Urdangarinek, eta musikari ordura arte ez bezalako garrantzia eman zion, oinarri sendo bihurtuz. Kantautorearen beraren gitarraz gain, Aitor Rubiorena eta Angel Lopezen perkusioak eta Txubio Fernandez de Jauregiren kontrabaxuak jarri zuten oinarria. Baina hainbat kolaborazio ere izan zituen, Bingen Mendizabal, Josu Zabala, Jonathan Bews, Iñaki Galartza, Aitor Garcia, Pablo Tato eta Rogelio Botanz tartean, aurrerantzean ere lagun izango zituen zenbait. Letrak egiteko bertsolariengana jo zuen beste behin, Aurrekoetxearekin batera, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Igor Elortzarengana oraingoan, baina baita Gerardo Markuleta eta Kirmen Uribe idazleengana ere.

Eta Kirmen Uriberi eskutik helduta ekarri zuen Urdangarinek hurrengo diskoa: Bar Puerto (Gaztelupeko Hotsak, 2001). Uriberen istorio batean oinarrituriko hura disko-liburua zen diskoa baino gehiago, irudiak ere tartekatzen zituen proiektu ibiltari baten emaitza (Bar Puerto. Bazterreko ahotsak). Urdangarinekin eta Uriberekin batera, Bingen Mendizabal zen proiektu haren hirugarren zutabea. Badira hiru aste eta Espilue-ren arrakastaren atzetik, koordenatu ezezagunak arakatzeko gogoa erakutsi zuen Urdangarinek, bakarkako lanetik atera eta taldekora igarota. Bilaketa lan hori diskorik disko etengabea izan da Urdangarinen musikagintzan, aldiko zerbait berria egin eta eskaini nahi izan baitu.

Hurrengo urtean baina, bakarkako bidera itzuli zen Heldu artean diskoarekin (Gaztelupeko Hotsak, 2002). Egunerokotasunari kantatzen dio zornotzarrak disko honetan: "Nire diskoak normalean bizi dudan egoerari oso lotua daude eta azken hau ere bai. Batez ere, neure pentsamenduen, momentuko kezken, pozen eta tristuren isla da" (3). Eta urrats bat egin zuen, katalanez abestuta.

Bar Puertoko konpainia, baina, ez zuen urrun, eta hala etorri zen Zaharregia, txikiegia, agian disko-liburua (Gaztelupeko Hotsak, 2003). Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik liburuaren (Susa) harira New Yorken egindako poesia errezitaldi batzuetatik abiatu zen Urdangarin, Uribe, Rafa Rueda (PI.L.T.), Mikel Valverde eta Bingen Mendizabal (Nahiko, Hertzainak) batzen zituen proiektua. 2003an boskoteak New Yorkera egindako bidaia hura ez zen disko-liburuan soilik gelditu, 2005ean Arkaitz Basterra zuzendariak izen bereko dokumentala estreinatu baitzuen Donostiako Zinemaldian, taldearen estetika oinarri hartuta.

New Yorketik bueltan, barrura begira jarri zen, ostera ere, Urdangarin. Barne bilaketa ez zen soilik edukiari lotua izan, formala ere bai. Ordura arte egin izan zuen soinua eraldaturik ekarri zuen Dana-n (Elkar, 2005). Bi urtez, bere "kezkak, nahiak eta izaera musikalki defini zezakeen diskoaren bila" (4) aritu zen, bere diskorik musikalena egiteko. Mikel F. Krutzagaren ekoizpen lana azpimarragarria da diskoan. Soinu berriaren bilaketan, ordura arteko folk eta herri doinuak atzean utzi zituen, nahiz eta zornotzarrak bere burua etiketetatik bereizi: "Ez dut uste kantari pop, folk edo rockzalea naizenik. Kantuak egiten dituen kantaria naiz, eta baita bere izaera poliedrikoa onartzen duen pertsona ere" (4). Beste behin, bilaketa horretan Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Pablo Tato izan zituen bidaide. Letrei dagokienez, egunerokotasunari kantatzen jarraitu zuen Urdangarinek, pertsonetatik abiatuz, gertukotik.

Elkar diskoetxea utzi eta Anek idatzi dit zutaz (2007) bere kasa argitaratu zuen zuen. "Nahi nuen diskoa, buruan neukan diskoa ere osotasunean ateratzeko modu bakarra zen autoekoizpena" (5). Ordura arte egindako ibilbidearen nolabaiteko sintesia da. Musikalki, azken diskoetan izandako bilakaera nabarmena da, musikak presentzia handia hartzen du. Letrei dagokienez, ibilbide osoko bidelagunak batzen ditu: Iñaki Aurrekoetxea, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Xabier Amuriza, Kirmen Uribe... eta berririk ere bada, Sustrai Colina bertsolariaren hitzak ere musikatu baititu, eta noski, bereak ere badira. Baina begirada, beste behin, gertukoan edo, hobeto esan, gertuko pertsonengan jartzen du berriz ere: Sebastian esne-partitzailearengan, Norvegiara joan zen lagunarengan...

Baga Biga diskoetxeak plazaratu zuen Urdangarinen hurrengo lana, Zubia (2009), kantariak ohiko musikariekin grabaturiko lana, eta urtebetez kontzertuetan aurkezten aritu ondoren, 2010eko abenduaren 30ean zuzeneko diskoa grabatu zuen Bilboko Kafe Antzokian. Lan bikoitz horretan, Zuzenean 2010/12/30 (Egilea editore, 2011), bere ibilbidearen errepaso zabala egin zuen Urdangarinek (28 kantu), eta bi bertsio grabatu zituen: Black kantariaren "Wonderful Life" ezaguna eta Mikel Laboa-ren "Martxa baten lehen notak".

Zuzeneko diskoak etapa baten amaiera ekarri zuen, eta hurrengo lana, Azula (Egilea editore, 2012), musikari berriekin grabatu zuen, Angel Celada bateria jotzailearekin eta Koldo Uriarte teklatu jotzailearekin. Bi musikarion ekarpenak bestelako sonoritate bat eman zion Urdangarinen kantaerari.

Zaharregia, txikiegia agian ondu zuen taldea berriz elkartu zen 2013. urtean, Jainko txiki eta jostalari hura sortzeko. Disko-liburua kaleratu ondoren, zuzenean taularatzeari ekin zioten. 

Testua: Ainara Gorostitzu

  • (1) Gaztezulo, 2002ko abendua
  • (2) Euskaldunon Egunkaria, 2000ko azaroa
  • (3) EHU, 2003ko iraila
  • (4) Berria, 2005eko urriaren 8a
  • (5) Berria, 2007ko azaroaren 10a
mikel urdangarin > hemeroteka

>>Haitzetan

Lagin, 1997 (CD)

>>Badira hiru aste

Gaztelupeko Hotsak, 1998 (CD)

>>Espilue

Gaztelupeko Hotsak, 2000 (CD)

>>Bar Puerto

Gaztelupeko Hotsak, 2001 (CD)

>>Heldu artean

Gaztelupeko Hotsak, 2002 (CD)

>>Zaharregia, txikiegia agian

Gaztelupeko Hotsak, 2003 (CD)

>>Lagun artean

Gaztelupeko Hotsak, 2003 (DVD)

>>Dana

Elkar, 2005 (CD)

>>Anek idatzi dit zutaz

Mikel Urdangarin, 2007 (CD)

>>Zubia

Baga-Biga, 2009 (CD)

>>Zuzenean 2010/12/30

Egilea editore, 2011 (CD)

>>Azula

Egilea editore, 2012 (CD)

Askoren artean

- Loretan (Hitzak: Lauaxeta-Musika: Mikel Urdangarin); Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005)

- Zurekin (Hitzak: Sustrai Colina-Musika: Mikel Urdangarin); 18/98+... auzolanean (Gara, 2006) 

- La paloma de la paz (Hitzak: Chicho Sanchez Ferlosio-Musika: Mikel Urdangarin); Oroitzapenerako kantak II (Ahaztuak 1936-1977, 2008)