1988an, Mikel Kazalis Estigia thrash taldeko baxu jotzaile eta abeslariak talde hura utzi eta Anestesia sortu zuen bi musikari hasiberrirekin batera, Dani Aizpurua (baxua) eta Imanol Belokirekin (bateria). Talde horretan, abesteaz gain, gitarra hartu zuen Kazalisek. Musika azkarragoa eta gordinagoa egitea zen helburua, baita lortu ere. Entseatzen hasi eta handik urte erdira, gaztetxeetan kontzertuak egiten hasi ziren. Are gehiago: 1989an Anestesia cerebral izenburuko maketa gordina kaleratu zuten, euskaraz eta gaztelaniaz abestuta, eta beren lokalean lau pistako aparatu batean grabatuta. Horren atzetik, 1990ean, Inmoralidad kaleratu zuten, non RIP taldearen "Brigada criminal" kantuaren bertsioa grabatu zuten.
1991n, Mikel Kazalis Negu Gorriak taldean baxua jotzen hasi zen, baina Anestesia ez zen gelditu horregatik. Toki berean binilozko EPa (Esan Ozenki, 1991) kaleratu zuen, Esan Ozenki eta Hardcrossekin elkarlanean. IZ estudioan grabatu zuten, Kaki Arkarazo eta Jesutxo Suinagaren laguntzarekin. Kazalisek eztarrian noduluak izan zituen, eta, horren ondorioz, Escombro taldeko Alberto Suris Nil-ek hartu zuen mikrofonoa lan horretako zenbait abestitan. Euskarazko bost kantu, aurrekoak baino pixka bat lasaiagoak, eta The Ventures surf instrumentaleko taldearen "Pipeline" kantuaren moldaketa grabatu zituzten.
Negu Gorriak-en ibilbide geldiezinak baldintzatuta, kontzertu gutxi egin zituzten, baina 1993ko sanferminetako bost egunetan Gorrotoaren ahotsa grabatu zuten (Esan Ozenki, 1993), berriz ere IZ estudioan Kaki Arkarazorekin. 14 thrash, metal eta hardcore kantu batu zituzten, guztiak euskaraz eta Nilek abestuta. Negu Gorriak-eko bi kideren laguntza izan zuten: Fermin Muguruzak "Basurdearen irrintzia" kantuko hitzak idatzi zituen, eta Kaki Arkarazok gitarra soloa sartu zuen "Biktimak" kantuan.
Euskal Herrian zein Espainian kontzertu xume baina zirraragarri ugari egin ondoren, 1995ean Danik taldea utzi eta Brigada Slam sortu zuen. Haren ordez, Censura eta Gutural taldeetan aritutako Carlos Diaz Txarly sartu zen. Txarlyk konposatzeari ere ekin zion, eta bost hilabeteren buruan prest zuten Erantzun (Esan Ozenki, 1995). Lehen maketatik berreskuratutako "B.U.F." kantuak ixten zuen diskoa, eta lehen aldiz sanplerrak sartu zituzten lan horretan, musika industrialari keinua eginez. Binilozko argitalpenak bi kantu gehiago jaso zituen konpaktuak baino: Los Crudos taldearen "Zipaios, traidores y vencidos"-en bertsioa eta "Bizitza dastatu nuen".
1997an, Mikel Kazalisek berriro erakutsi zuen gai dela burua eta sormena hainbat lekutan jartzeko aldi berean, eta, Negu Gorriak-en agurreko diskoarekin batera, 2 Kate musika industrialeko taldea abiarazi zuen Izaskun Forkada neska-lagunarekin batera, Anestesiaren laugarren diskoa, Gu (Esan Ozenki, 1997), argitaratzeaz gain. Hurrengo urteetan, bi taldeak -2 Kate eta Anestesia- batera gidatu zituen Kazalisek. Horrela, 2 Kateren bigarren diskoa argitara eman zuen, Birziklatu (Esan Ozenki, 1999), eta Anestesiaren Ultra-komunikatzen (Esan Ozenki, 2000). Ordurako, Atxantatu taldeko Ibon Esteibarrek hartu zuen mikrofonoaren ardura, eta Nilek Txarli ordezkatu zuen baxuan. Lan hori ere Kaki Arkarazorekin grabatu zuten, Andoaingo Garate estudioan. Komunikabide eta teknologia berrian garaian, pentsaera bakarra dute hizpide lan horretan.
2002. urtera arte ekin zioten amorru handiko kontzertuak emateari, baina urte hartan Kazalis Kuraia taldean murgildu zen, Dut taldeko Joseba Ponce eta Galder Izagirre eta El Corazón del Sapo-ko Fernando Gimeno abeslariarekin, eta epe luze batez Anestesia geldirik izan zuten. 2005ean, berriz, hastapeneko hirukote formatura itzulirik, Mikel, Ibon eta Beloki taldearen seigarren lana izango zena prestatzen hasi ziren, Kazalisek Zarautzen daukan Fidelenean estudioan. 2005 eta 2006 bitartean 13 abesti grabatu zituzten, Kazalisek gidariturik, Tolosako Bonberenea estudioan. Terapia-k (Bonberenea Ekintzak, 2006) abiadura ertaineko kantu batzuk ditu, baina thrasha eta hardcorea batzen maisuak izaten jarraitzen dute. Zuzenekoetarako Dani Aizpurua taldera itzuli zen, eta formazio horrekin kontzertuak emateari ekin zion berriro.
Txarlyk eta Mikel Kazalisek Matxura sortu zuten 2011n, Aitor Abio (PI.L.T.) eta Fernando Gimeno (El Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla) abeslariarekin.
Testua: Iker Barandiaran
Esan Ozenki, 1991 (EP)
Esan Ozenki, 1993 (CD)
Esan Ozenki, 1995 (CD)
Esan Ozenki, 1997 (CD)
Esan Ozenki, 2000 (CD)
Bonberenea Ekintzak, 2006 (CD)
- Anestesia cerebral (Hitzak eta musika: Anestesia); Thrashing till death (Semaphore, 1990)
- Policía no (Hitzak eta musika: RIP); RIP. Versiones (Où, 1997)
- Pentsatu (Remix) (Anestesia + 2 Kate); Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997)