Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > diskoetxeak > goiztiri
goiztiri

Goiztiri argitaldariak euskal kantagintza berriaren sorreran eta hedapenean funtsezkoak izan ziren zenbait disko argitaratu zituen 60ko hamarkadaren hastapenetan, besteak beste Mixel Labegerieren eta Mikel Laboaren lehen disko txikiak, baita Soroak laukotearen lehen diskoa ere -zenbaitek euskal kantagintza berriaren abiapuntutzat jotzen dute-.

Single haiek Ximun Haran (Arrangoitze, Lapurdi, 1928-2013) politika, kultur eta kirol gizonaren magnetofoian grabatu zituzten, Baionan. Euskal kantu zaharrak galtzeko arriskuan zeudela ohartuta, haien transmisioa bermatzeko, Alemaniara joan zen Haran magnetofoia erostera. «Barnealdera pilotari gisa joaten hasi nintzenean, eta han oraindik euskal arima bizirik zegoela ikusita, berpizte gisako bat bizi izan nuen. Euskal Biltzarraren inguruan mugitzen hasi nintzen, eta xiberotar kantuak eta kantarien bozak biltzea proposatu nion ene buruari» (1).

Zuberoan, Lapurdin, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako grabazio haiekin sei disko luze osatu zituen Club du Disque Basque bildumarako; geroago eragin handia izango zuten disko haiek Ez Dok Amairu taldeko kideengan. Hala aitortu du Mikel Laboak: «Frankismoarengatik ez genituen gure herri kantak ezagutzen. Hutsune bat zegoen. Grabaketa hauek memoria kolektiborako, guretzako, oso interesgarriak dira, altxorrak, izugarriak. Gure kantagintza modernoa erregistro zahar honetan oinarritzen zen» (2). Grabazio horietako batzuk, gaurkoturik, Xiberuko kantuak (Elkar, 2004) diskoan argitaratu ziren. 

Abeberri anaiek eta Gexan Alfarok hartu zuten parte Goiztiri liburu eta disko argitaldariaren sorreran, 1962. urte aldera. Baionako Kordeliere karrikako 14. zenbakian zuen egoitza. Espainiako frankismoak ezartzen zuen zentsurari itzuri eginez muga zeharkatu zuten Hegoaldeko abeslarien diskoak argitaratu zituen: Soroak taldearen, Labegerieren eta Laboaren lanez gain, Maite Idirin, Idoia eta Loli, Jose Antonio Villar eta Michel Etxegarayren (Imanolen goitizena) lanak, besteak beste. Bitarteko tekniko gutxirekin grabaturiko diskoak ziren, eta ezkutuan zabaltzen ziren Hego Euskal Herrian.

Guztira hogei disko eta dozena erdi bat liburu plazaratu zituen Goiztirik 1969ra bitartean. 1972an Elkar argitaletxeak erosi zuen haren katalogoa.

Testua: Jon Eskisabel

  • (1) Argia, 1.676. zenbakia, 1998-06-21
  • (2) Berria, 2004ko martxoaren 3a