Merezi bezalako aitortzarik jaso ez badute ere, plaza taldeek ekarpen handia egin diote euskal kantagintzari. Hainbat musikariri jendaurrean aritzeko eta bizimodua ateratzeko aukera eskaintzeaz gain, berbena taldeei zor zaie 70eko hamarkadan euskarak gaztelania ordezkatu izana gure herrietako dantzaldietan, eta irratietan euskal musikarik apenas entzuten zen garai luzean euskarazko abestien zabalkunde lana ere egin zuten. Akelarre, Egan, Minxoriak, Joselu Anayak, Drindots, Lisker, Trakets... ibilbide luzea egin duten taldeetako batzuk dira. Haatik, 90eko hamarkadaz geroztik, jai herrikoien eredua aldatzearekin bat, plazak hustuz joan dira, emanaldiak gutxitu dira eta talde asko desagertu, baina belaunaldi berri batek hartu du lekukoa.
Salbuespenak salbuespen, eta urteekin aldatzen joan bada ere, ezaugarri zehatz batzuk bete ohi ditu plaza taldearen eredu tradizionalak. Herrietako jaietan jo ohi du, doako emanaldiak izaten dira, laupabost ordukoak, nagusiki besteen kantuez osaturiko errepertorioa eskaintzen du eta entzuleak dantzan jartzea du helburu. 70eko hamarkadan agertu ziren lehen plaza taldeak, euskal kantagintza asko aldatzen ari zen garaian. Kantagintza berria finkatzen ari zen neurrian, hainbat abeslari gazte agertu ziren gitarra besapean herririk herri kantautore moduan ibiltzeko prest. Haatik, dantza egiteko musika, trikitilarien erromerietakoa izan ezik, talde eta orkestra erdaldunen esku zegoen, eta ez zen gazteriaren nahi eta gustu berriak asetzeko gauza. Euskaraz abesturiko musika modernoa entzuteko eta dantzatzeko gogoak bultzatu zituen hainbat gazte taldeak sortzera. Horrela jaio ziren, esaterako, Egan eta Akelarre. Xabier Saldiasek (Egan) azaldu duenez, "dantzarako Madrildik ekartzen ziren orkestren kontra egitea zen gurea. Formula horrek segituan su hartu zuen. Gaurtik begiratuta konturatzen zara garai hartan beste aukera askorik ez zegoelako izango zela. Jendea edozein herri txikitara mugitzen zen. Gure errepertorioa goitik behera ikasita zuen makina bat bazen!" (1).
Eganek eta Akelarrek, bakoitzak eredu bati jarraitu zion. Nazioarteko kantari eta talde ezagunen kantuak (Queen, John Denver, The Beatles, Les Humphries Singers, Stealers Wheel...) euskaraz ematearen alde egin zuen Eganek; bere kantuak sortzearen alde, Akelarrek. Biek arrakasta itzela izan zuten, sekulako tiroia gazteen artean. Hamarkada berean beste hainbat talde esanguratsu sortu ziren, bakoitzak bere ezaugarri propioak zituela. Batzuk aipatzearren: Lapurdin, Minxoriak (Niko Etxart kantariarekin); Bizkaian, Indar Trabes (geroago Itoiz izango zenaren hazia); Gipuzkoan, Nekez; Araban, Joselu Anayak... Taldeok, euskara eta nazioarteko pop eta rock musika dantzaldietara ekartzearekin batera, garaiko kantari euskaldunen abestiak zabaltzeko eta ezagutzera emateko lan itzela egin zuten, irrati eta telebistaren hutsunea betez. Belaunaldi oso batek dantzaldietan ikasi zituen Benito Lertxundi, Txomin Artola, Errobi, Gorka Knorr edota Niko Etxarten kantuak.
Zuzenean jo eta diru apur bat irabazi nahi zuten musikari gazteek plaza talde batean sartzea beste aukerarik ez zuten garai hartan, rock emanaldien sarea sortzeke baitzegoen. Kantari eta musikari handiak aritu dira plaza taldeetan: Anje Duhalde (Akelarre), Juan Carlos Perez (Indar Trabes), Jose Alberto Batiz gitarrista (Akelarre), Pako Diaz bateria jotzailea (Akelarre), Niko Etxart (Minxoriak), Xabi San Sebastian (Laiotz), Jexuxmai Lopetegi (Akelarre)... Haatik, oso talde gutxik lortu zuten dantzaldietatik kontzertuetara pasatzeko asmoa gauzatzea (Indar Trabes da ezagunena), eta gehiago dira kontrako bidea egin zutenak, rock emanaldiak eskaintzen hasi, diskoak grabatu eta plaza talde gisa bukatu zutenak (Lisker, Koska, Sakre...).
Berbena taldeek 80ko hamarkadan ezagutu zuten unerik gozoena, plazak eta frontoiak betetzen zituztenekoa. Talde puntakoenak urtean 200 emanaldi inguru eskaintzera iritsi ziren, eta diskoak grabatzen hasi ziren. Hortaz, urte horietan plaza talde asko sortu ziren: Drindots, Basakabi, Inguma, Berakaitz, Trakets, Arkaitz... Baina 90eko hamarkadaz geroztik aparra asko jaitsi da, eta plaza taldeek pisua galdu dute jai herrikoien osaketan. Trikitixa molde berriko taldeek (Gozategi, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Trikizio, Triki Ta Ke...), disko jartzaileek eta txosnetan antolaturiko kontzertuek hartu dute, neurri handi batean, plaza taldeen lekua. Halaber, tabernak eta txosnak bihurtu dira festaren gune nagusi, plazaren ordez. Plazak hustu dira, entzuleak gaztetu ere bai, baina berbena taldeak ez dira desagertu. Batzuek eusten diote (Joselu Anayak, Lisker eta Drindots-ek, kasu), eta berriak sortu dira azken hamarkadan: Haitzama, Laket, Amaiur, Tximeleta...
Testua: Jon Eskisabel