Musikari, ekoizle eta soinu teknikari lapurtarra (Hendaia, 1947). Baxua jo zuen Errobi taldean, baina betidanik erosoago sentitu da soinu mahaiaren atzealdean agertokietan baino. 1975ean hasi zen diskoak grabatzen, berak eta Errobiko lagunek Donibane Lohizunen sortutako Bacchanales estudioan; Xoxoa diskoetxean egin zuen lan gero, eta 80ko hamarkadaren hasieratik gaur egun arte Elkar estudioko soinu teknikaria izan da. Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Itoiz, Oskorri eta beste hainbaten ehunka disko grabatu ditu Phocasek.
Hendaiako Saint Marie eskolan egin zituen ikasketak Jean Phocasek. Hamar urte zituela, Musika Eskolan sartu zen tronpeta ikastera, eta hamalau urterekin, musika modernoko talde bat osatu zuen anaiarekin eta beste zenbait lagunekin. The Beatles, The Shadows, The Rolling Stones eta abarren kantuak jotzen zituzten. Oinarrizko ikasketak amaituta, Lanbide Eskolara sartu zen haginlaritza mekanikoa ikastera, aitaren lanbidea jarraitze aldera, eta harekin aritu zen lanean. Baina, ordurako, musikaren harra barruraino sartuta zeukan Phocasek.
Miarritzeko kasinoan dantzaldiak eskaintzen zituen orkestran hasi zuen Jean Phocasek musikari ibilbidea, balsak, tangoak eta jazz piezak joz. Pierre Bergoree izeneko salsa taldean aritu zen hurrengo, eta harekin Frantziako hiri nagusietan aritzeko parada izan zuen. Paris, Niza, Marseilla eta Saint Tropez bisitatu zituen, besteak beste. Geroago, Bacchanales plaza taldea osatu zuen, Mixel Ducau, Beñat Amorena eta Robert Suhasekin. Anje Duhalderekin batera, laurak Errobi taldean arituko ziren geroago.
Ordurako Phocasek argi zuen musika jotzea baino askoz gehiago gustatzen zitzaiola musika grabatzea. Bacchanaleseko lagunen artean izen bereko estudio txiki bat apailatu zuten Donibane Lohizunen, oso bitarteko urriekin. Han grabatu ziren, besteak beste, Anje Duhalderen lehen singlea, Goizeko, 1974an, Errobiren lehen diskoa, 1975ean, eta Itoizen lehenengoa, 1978an. «Errobiren diskoa bi pistako mahai batekin grabatu genuen. Itoiz etorri zenerako bagenuen 8 pistako Tascam magnetofoia eta mahai analogiko bat, grabe eta agudo banarekin. Erreberberaziorik ez genuen, eta guk geuk asmatu behar izan genuen geurea, metal xafla bat baxuaren hari batetik zintzilikatuta eta mikrofono bati itsatsita» (1).
Errobiren Gure lekukotasuna (Elkar, 1978) eta Txomin Artolaren Belar hostoak diskoetan (Xoxoa, 1978) baxua jo bazuen ere, instrumentista lana bazter uztea erabaki zuen Phocasek, eta soinu teknikari gisa hasi zuen bide profesionala. 1980an, Xoxoa diskoetxearen Galdakaoko estudioan hasi zen lanean, Jaime Iarrituk deituta. Xoxoaren etorkizuna kolokan jarri zuten arazo ekonomikoak agertu zirenean, Elkar diskoetxeak zabaldutako estudioan lan egiteko eskaintza jaso zuen, 1982-83an. Geroztik, Elkarreko estudioan jardun du lanean, Lasarte-Oriako nahiz Donostiako estudioetan, eta Euskal Herriko artista esanguratsuenetako askoren diskoak grabatu ditu: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskorri, Amaia Zubiria, Ruper Ordorika, Hertzainak, Kortatu...
Testua: Jon Eskisabel