Euskal folk "berriak" emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena. Haizea talde aitzindariko kantariak, 30 urteko ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu. Kantaera dotore eta sakonaren jabe izanik, ez da harritzekoa haren ahotsa hainbat film eta beste hainbat euskal artistaren diskoetan entzutea.
Zubietan (Gipuzkoa) jaio zen, 1947an. Aita sekula plazarik egin ez zuen ahots bikaineko bertsolaria eta ama kantuzale iaioa izanik, txikitatik jaso zuen kanturako zaletasuna. Kantatzea etxean eta lagunartean gorde beharreko kontua zelakoan, ezkutuan hasi zen, 16 urterekin, kantari berrientzat garai hartan ohikoak ziren txapelketetan parte hartzen. Halako batean La voz de España egunkariko argazki batean agertu, eta horrela jabetu ziren etxean Amaia gazteak kantaria izan nahi zuela. Sekulako iskanbila sortu zuen deskubrimenduak, gurasoek ez baitzuten nahi alabak plazan kantatzea.
Oso gazte ezkondu zen, 19 urterekin, eta 25 urterekin hiru seme-alaba zituen. Hala eta guztiz ere, sekula ez zuen alde batera utzi kanturako grina. Txomin Artola ezagutu zuen 70eko hamarkadaren erdialdean; biek maite zuten Walt Whitman poeta estatubatuarra, eta Artolak proposatu zion Haizea taldean kantari gisa jardutea. Haizeak ezagutarazi zuen Amaia Zubiriaren ahots garden eta sentikorra. Ordura arte Hego Euskal Herrian entzun ez zen emakume kantaera zen hura, eta entzuleak txunditu egin zituen. Esan daiteke, zalantzarik gabe, Amaia Zubiriaren ahotsa izan zela taldearen arrakastaren gakoetako bat.
Haizearekin zuzeneko hamaika emanaldi emanaldi eta bi disko grabatu ondoren –Haizea (Herri Gogoa, 1976) eta Hontz gaua (Xoxoa, 1979)–, Frantziara eta ondoren Iparraldera jo zuen, eta hainbat jazz musikarirekin hasi zen lanean. Horrela ezagutu zuen Pascal Gaigne (Caen, Frantzia, 1958) gitarrista eta musikagilea. Harekin lanean hasi zen 1983ko udan, eta bikote artistikoa osatu zuten hainbat urtetan. Tartean, Etxahun eta Etxahun disko kolektiboan (IZ, 1980) parte hartu zuen, Imanol, Niko Etxart eta Beñat Axiari kantarirekin batera. Disko horretan Etxahun Barkoxe eta Etxahun-Iruri zubetotarren piezarik esanguratsuenen berrirakurketa egin zuten.
Zubiria-Gaigne bikoteak egindako lanak bi zutabe ditu: alde batetik, herri musikaren inguruan kaleratutako diskoak, eta, bestetik, zinemarako egindako musika. Egun argi hartan (Elkar, 1985) izena hartu zuen bikotearen lehen diskoak. Herri kantak, gitarra jostagarriak eta ahots sakonak: hori izan daiteke diskoaren laburpenik egokiena. Diskoan nabaria da, ordea, Pascal Gaigneren konposizio eta moldaketen itzala. Hurrengo urtean Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986) kaleratu zuten. Aurrekoaren akustikotasun biluzi bera jorratzen zuen.
Zinemari dagokionez, Pascal Gaigne ezagutu baino lehenagokoa da Amaia Zubiriak egindako lehen lana, La fuga de Segovia (Angel Amigo, 1981) filmerako musika Xabier Lasa Haizeako gitarristarekin egin baitzuen. Gero, "Tango" kantuarekin parte hartu zuen La muerte de Mikel (Imanol Uribe, 1983) filmaren soinu bandan. Dena dela, Gaignerekin batera egin ditu bere lanik esanguratsuenak: Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ander eta Yul (Ana Diez, 1988), Santa Kruz apaiz gudaria (Jose Maria Tuduri, 1990), Loraldia (Oscar Aizpeolea 1990) eta Como tú quieras (Joseba Salegi, 1992). Ondoren, Gaignek ibilaldi esanguratsua egin du zinemarako musikaren alorrean (El sol del membrillo, Mensaka, Lucio, Amaren eskuak, El método Arrieta...).
Bikoteak zinemarako egindako lan horren guztiaren emaitza da Hamar urte zineman bilduma diskoa (Angel Amigo, 1990), Amaia Zubiriak eta Pascal Gaignek bikote gisara kaleratutako azkena. Geroztik elkarren arteko harreman artistikoa ez da hautsi, eta Pascal Gaignek Amaia Zubiriaren diskoetako kolaboratzaile ia finkoa izaten jarraitu du.
Bere disko eta kantaldiez gain, ez da zaila Amaia Zubiriaren ahotsa 80ko hamarkadako disko askotan topatzea, Imanol Larzabalek eta Txomin Artolak egindakoetan kasu. Modu naturalean egin zuten berriro topo Artolak eta Zubiriak, gero eta elkarlan mamitsuagoa osatuz. Horren emaitza da hiru diskok osatutako Folk-Lore sorta bilduma. Lehenak, Folk-lore-sorta 1 (Elkar, 1991), oihartzun handia lortu zuen komunikabide eta zaleen artean. Herri kantuen bertsio fidelak dira, bi kantarien ahotsak nabarmentzen dituen laguntza musikal akustiko dotoreez jantziak. Joxan Goikoetxea (soinua, teklatuak) eta Alan Griffin (whistlea, flauta, txirula...) Alboka taldeko kideek lagundu zituzten grabazioan. Ez dago esperimentaziorik, nahiz eta une batzuetan Haizearen garaiak gogora ekarri. Hamaika emanaldi egin zituzten Euskal Herri osoan, eta 1993an desegin zuten bikotea beste bi disko kaleratu ondoren: Folk-lore-sorta 2 (Elkar, 1992) eta Folk-lore-sorta 3 (Elkar, 1993).
Gero, bakarkako ibilbideari heldu zion berriro Amaia Zubiriak, eta sei disko kaleratu ditu geroztik. Amonaren mengantza (IZ, 1995) da lehena eta kantariaren azken urteetako ildoaren adierazle. Kantu tradizionalak eta jazz musikatik datorren esperimentazioa uztartuta, batez ere kantatzeko moduan eta ahots jokoetan adierazten dena. Gainera, izenburuak ongi adierazten du diskoaren intentzio "feminista", Zubiriaren jardunaren beste ezaugarrietako bat.
Inauterietako kantuekin osatu zuen Hou Pittu Hou diskoa (Elkar, 1998), eta Angel Unzu (Ganbara, Kepa Junkera, Jabier Muguruza...) aritu zen ekoizle lanetan. Urte berean kaleratu zuen Mami xuri (IZ, 1998), eta handik lau urtera, berriz, Haatik (Elkar, 2002). Bertan hainbat kantu zahar berreskuratu eta zazpi kantu berri eskaini zizkigun Pascal Gaignek ekoitzi eta moldatutako diskoan. Ondoren, Nabil heldu zen (Elkar, 2008), hainbat kantu herrikoi ezagunen bilduma ("Maitia nun zira", "Prima eijerra", "Itsasoa laino dago"...).
Amaia Zubiriak argitaratutako azken diskoa Amona Mantangorri da (Brian's Records, 2010). Haurrentzako lan horretan Zubiriak berak sortu ditu kantu guztiak, eta Ritxi Salaberria (Sorotan Bele) arduratu da ekoizpenaz.
Zuzenekoak ematen jarraitzen du Amaia Zubiriak, eta horietako askotan Edorta Kortadi semea izaten du laguntzaile gitarrarekin.
Elkar, 1985 (LP)
Elkar, 1986 (LP)
Angel Amigo, 1990 (LP)
Elkar, 1991 (LP)
Elkar, 1992 (LP)
Elkar, 1992 (LP)
IZ, 1995 (CD)
Elkar, 1998 (CD)
IZ, 1998 (CD)
Elkar, 2002 (CD)
Elkar, 2008 (CD)
Brians Records, 2010 (CD)
- Etxahun eta Etxahun (IZ, 1980)
- Arrapaladan (Hitzak: Itxaro Borda-Musika: Amaia Zubiria); Hamahiru (t)alde (IZ, 1997)
- La memoria (Hitzak eta musika: Leon Gieco); Oroitzapenerako kantak III (2009)