Beltzez taldeak eta Antton Basurkok 1993. urtean sortutako diskoetxea da. 90eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian diskoetxe uholde berritzean kokatzen da. 70eko hamarkadatik pixkanaka garatu zen eszenatokia, 90.ren erdialdetik goiti egiazki zartatuko da Ipar Euskal Herrian. Oraindik ere "besta bai, borroka ere bai" existitzen zen espirituaren eraginez, "Ipar Rock" festibalek, gaztetxeen idekitzeak (Donibane Lohizune, Hendaia, Itsasu, Maule...), fanzineen sorrerak, hiru euskal irratietan ekoizten ziren musika saioek... ingurumen ezin hobea emango zieten garaiko taldeei. Beltzez, Haurtzarrak, Txakun, Mister Saguak, King Mafrundi, Txingoma II, Kanabera, Skunk... estilo ezberdinetako talde guzti horiek ekoizteko, maiz alditan diskoetxe handien ezetzak jasan ondoren, "publikorik ez zegoela iparraldeko taldeentzat" esaldiaz aspertuta, autoekoizpenaren bidea hartu zuten garaiko taldeek, eta ondorioz ZTK, Skunk Diskak edota R-Dizka bezalako diskoetxeak sortuko ziren.
Ildo honi segituz, R-Dizkak Beltzez taldearen lehen maketaren promozioa egin eta 1994an taldearen izen bereko lehen diskoa kaleratu zuen. Hortik aurrera, Ipar Euskal Herriko rock, reggae, hardcore edo metal taldeak ekoiztu zituen (Haurtzarrak, King Mafrundi, Kapten Egurrak). 1996. urtean Insumisioa bildumarekin R-Dizkak Euskal Herri osoko 14 talde batu zituen: Anestesia, King Mafrundi, Bap!!, Mister Saguak, Beltzez, PI.LT., Dut, Skunk, Etsaiak, Haurtzarrak, Txakun, Kapten Egurrak, Kashbad eta Txingoma II.
1998. urtean Iparraldeko eszenako lau talde berri -Ozke (Zuberoa), Dementzia, Hats (Lapurdi) eta Zpeizurdiak (Behe Nafarroa)- batzen zituen Erdizka Lauetan bildumarekin amaiera eman zion diskoetxeak bere ibilbideari, 5 urtez 10 bat ekoizpen kaleratu, Europan itzuliak egin, kontzertuak antolatu eta Marraka fanzinea editatu ondoren.
Testua: Antton Basurko